Militarismoaren eragina ikerketan

Arg: DoD News / Jabego publikoa


Helburu militarrei lehentasuna emateak ikertzaileetan eta ikerketan duen eragina iragarri du Nature aldizkariak, artikulu baten bidez. Baieztatu duenez, gastu militarra hazten ari da, bereziki, herrialde ekonomikoki aberatsenetan. Igoera horren ia erdia Txinari eta AEBri dagokie, eta NATOko herrialdeek 2025erako BPGren % 5 defentsa eta segurtasunera bideratzea adostu dute.

Militarismoaren aldeko joerak, nagusiki, bost alderditan eragingo duela aurreikusi du Naturek. Hasteko, ikuspegi nazionalista indartzea ekarriko du, eta, beraz, elkarlana eten egingo da, eta ikertzaileen migrazioa oztopatu. Esaterako, Shanghaiko Unibertsitatearen arabera, egile estatubatuarrek eta txinatarrek elkarrekin sinatutako artikuluen kopurua % 10 baino gehiago jaitsi da, 2018 eta 2024 urteen artean.

Horrekin batera, aliatuen blokeak indartzen direla iragarri du. Esaterako, Txinak India eta Errusiarekin zuen elkarlana indartu du.

«Dirua jasoko dutenen artean daude adimen artifiziala, robotika, espazioa, zibersegurtasuna, konputazio kuantikoa...»

Hirugarren ondorioa da herrialdeen arteko arrakala zientifikoa eta teknologikoa handitu egingo dela. Izan ere, herrialde ekonomikoki ahulentzat ezinezkoa da teknologikoki aberatsenen abiaduran aurreratzea. Era berean, gogora ekarri du herrialde pobretu batzuek lehengai preziatuak dituztela; hortaz, iradokitzen du herrialde aberatsek haiekiko interes estraktibista izan dezaketela, harremanak egitean.

Bestalde, Natureren arabera, dirua ikerketa-arlo jakin batzuetara bideratuko da, eta beste batzuk, berriz, bazterrean geratuko dira. Dirua jasoko dutenen artean daude adimen artifiziala, robotika, espazioa, zibersegurtasuna, konputazio kuantikoa, bioteknologia, armak eta komunikazio-teknologiak.

Azkenik, alderdi etikoa ere aipatzen du artikuluak. Izan ere, eragozpen etikoak sortzeko arrisku handiagoa dago halakoetan. Massachussets Teknologia Institutuaren (MIT) adibidea jarri du: Israelek 2023an Gazan abiarazitako sarraskiaren ondoren, Israelekin harremanak eteteko deia egin zuten MITeko zenbait ikaslek eta irakaslek. Bada, horrek kontratuak galtzea ekarri zuen. Etor daitekeenaren erakusgarri garbia da.

Ana Galarraga Aiestaran

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali