Milioika nanoorratz dituzten txaplatak garatu dituzte, ohiko biopsiak ordezkatzeko
2025/06/16 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ohiko biopsietan, ehun-zati bat erauzten dute, diagnostikoa egiteko. Ebakuntzak dakartzan arazoak gainditzeko, milioika orratz nanoskopiko dituen txaplata bat garatu dute Londresko King’s Collegen. Haren bidez, minbizia, alzheimerra eta beste hainbat patologia diagnostikatzeko aukera izatea espero dute, errazago, azkarrago eta seguruago.
Gainera, metodo honek gaitza monitorizatzeko aukera ere ematen duela baieztatu dute. Adibidez, garuneko kirurgian erabil liteke, susmagarritzat jotzen den eremuan ezarrita. Zirujauak 20 minutuko epean izan dezake emaitza, eta horrek erabaki azkarragoak eta zehatzagoak hartzen lagundu diezaioke.
Hain zuzen, nanoorratzek zuzenean erauzten dituzte diagnostikatzeko behar diren konposatuak (lipidoak, proteinak eta mRNA, besteak beste), eta masa-espektrometria eta adimen artifiziala erabiliz analizatzen dira. Txaplatak ez duenez ehuna suntsitzen, behin baino gehiagotan erabil daiteke metodo bera leku berean, bilakaera ikusteko. Oraingoz, saguetan eta giza zelulen kultiboetan erabili dute. Nature Nanotechnology aldizkarian argitaratu dute ikerketa, irekian.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia