Milaka lorez osatua: Gerizondoa
1997/04/01 Terés, Joxepo Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gogoratuko duzunez, irakurle, elorri beltza aztertzean gerizondoaren generoa eta familia ezagutzeko aukera izan genuen. Bere baitan hartzen dituen zuhaiska eta zuhaitzek udaberri aldean eskaintzen diguten loraldia benetan ikusgarria izaten da eta espezie hauek erraz identifikatuko ditugu.
Oraingoan aztertuko dugun zuhaitz polit honek 30 metroko altuera izan dezake; enbor lodia eta grisaska, ia leuna, izaten du. Bere adarrak ia horizontalki eratuak dira eta adaska ugari, leun eta ilegabekoak ditu. Hostoak nahiko handiak izaten dira, obobatu luzangak, ertzean zerratuak eta azpialdean zertxobait iledunak; erorkorrak dira eta peziolo luze bat dute. Loreak, bestalde, negu bukaeran edota udaberri hasieran azaltzen dira; 2-6ko ginbailean kokatzen dira eta zuri-zuriak izaten dira. Fruituak, drupa-erakoak, biribilduak eta oro har gorri antzeko kolorea dutenak, maiatzetik uztailera bitartean heltzen dira.
Ia Europa osoan, Asiako mendebaldean eta Afrikako iparraldean dago hedatuta. Dirudienez eta egindako ikerketen arabera, jatorria Asiako mendebaldean zuela pentsatu arren, Europan ere antzinako aztarnategi arkeologikoetan aurkitu da. Lurzoru fresko eta gizenetan bizi ohi da, harizti eta pagadietan eta hosto-erorkorreko baso mistoetan ere bai. Euskal Herrian eta isurialde atlantikoan nahikoa arrunta da eta pixkanaka urrituz doa, isurialde mediterraneoan erabat desagertu arte.
Bere fruituak, gereziak, estima handikoak dira eta horregatik dago gerezi kultibatuen barietate ugari. Bestalde, bere egurra testura finekoa izanik, altzarigintzan eta tornu lanetan estimatua da. Sendabelar modura ere erabili izan da; alde batetik, gereziak libragarriak dira eta, bestetik, txortenak diuretikoak.
Gerizondoa Familia: rosazeoak |
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia