Milaka genoma dituen bakterioa
2008/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Bakterio gehienek genoma bakar bat dute; giza zelulek, berriz, bi izaten dituzte, eta landareek, hiru edo lau. Bada, arrain baten hesteetan bizi den bakterio batek, Epulopiscium izenekoak, 200.000 kopia baino gehiago ditu. Erraz gainditu du, beraz, orain arte ustez genoma gehien zituen bakterioaren errekorra: Buchnera aphidicola bakterioa, 120 genoma zituena.
Epulopiscium bakterioa erraldoia da. 600 mikrometro neur ditzake alderik alde, eta begi hutsez ikus daiteke. Escherichia coli, adibidez, giza hesteetan bizi den bakterioa, mikrometro bat luze da; milioi bat E. coli sartzen dira Epulopiscium batek hartzen duen lekuan.
Hain handia izanik, harrapari gutxi ditu bakterio erraldoi horrek. Baina, normalean, handia izatea ez da ona bakterioentzat, ez baitituzte beste organismo batzuek dituzten sistemak elikagaiak garraiatzeko, eta, beraz, zenbat eta handiagoa izan, orduan eta zailagoa da bizirik irauteko behar dituen elikagaiak zelula osora eramatea.
Cornell Unibertsitateko ikertzaileen ustez, justu horretan laguntzen diote genomek bakterioari. Nolabait, bakterioaren barruko bolumena mugatzen dute, eta, hala, elikagaiak errazago hedatzen dira kanpotik barrualde osora.
Edonola ere, Epulopiscium ez da ezagutzen den bakteriorik handiena, Thiomargarita namibiensis izenekoak du ohore hori; 800 mikrometro neurtzera irits daiteke. Ikertzaileek ez dakite zenbat genoma dituen, baina bai barruan egitura handi bat duela, bakuolo bat. Bakuoloak bakterioaren % 98 hartzen du, eta, horri esker, bakterioaren zati aktiboak kanpoko mintzaren ondoan geratzen dira. Epulopiscium-en barrualdea mugatzen duten egiturak berak ere aktiboak dira, hau da, elikagaiak behar dituzte. Bakuoloak, berriz, ez; beraz, T. namibiensis-ek, handiagoa izanik ere, elikagai gutxiago behar ditu.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia