Mikroskopio optiko berria
2002/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zelularen barren-barreneko funtzionamendua ikusteko gaitasuna emango duen mikroskopio berria garatu da. Izan ere, ohiko mikroskopio optikoak ezin izan du, orain arte, bere lenteetatik pasatzen den argiaren uhin-luzeraren erdia baino txikiagoa den ezer bereizi.
Ehun urte baino gehiagoz gertatu da hori, eta oinarrizko optikaren ondorioa izan da. Eta orduan, zer? Bada, mikroskopio optikoa zelularen nukleoa bezalako xehetasunen aurrean ‘itsua’ da. Nanometroko egiturak aztertzeko, ikertzaileek X izpiko mikroskopioa eta elektroi-mikroskopioa erabili izan dituzte, baina bietako edozein erabiltzearen ondorioz, organismoak erail egiten dira.
Haatik, Alemaniako Max Planck Institutuan teknika berria garatu dute eta bereizmena mila aldiz hobetzea lortu dute. Mikroskopio berriaren funtzionamendua frogatzeko, 30 nanometro lodi den bakterio baten zuntzaren irudia egin dute. Teknikari buruzko argibide gehiago nahi izanez gero, ikus Physical Review Letters aldizkariaren apirilaren 22ko alea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia