}

Migrazioa arrantzaren gidari

2002/03/01 Murua Aurizenea, Hilario Iturria: Elhuyar aldizkaria

Urtero, martxoan, berdela iristen da Bizkaiko Golkoko ipar-ekialdetik eta han izaten dira Hondarribiko arrantzaleak zain. Apirilean, berriz, antxoa azaltzen da eta orduan gure portuetako baxurako baporeei dagokie lanean hastea. Ekaina datorrenean, ordea, antxoa utzi eta Bizkaiko Golkora heldu diren hegaluzea eta hegalaburra izaten dira helburu, kostaldeko arrantzaleen poltsikoak poztu eta, nola ez, gu guztion tripak asetzeko. Zerutik datozen estimuluak Eremu magnetikoak Korronteak Usaimena Tenperatura Berdelaren kasua Antxoaren kasua Hegalaburraren eta hegaluzearen kasuak Legatzaren kasua Izokinaren kasua
BIBLIOGRAFIA

“Ez omen da obisporik abade izan ez denik”. Ez diegu eliz kontuei erreparatuko, baina bai esperientziak edo itsas bizitzak gure arrantzaleen jokamoldean duen eraginari.

Honen harira, arrantza-zientzia, arrainen migrazioa barne, itsas gizonek hainbat urtetan ikasitakoaz eta belaunaldiz belaunaldi bizitako esperientziak erakutsitakoaz aprobetxatu da. Arrantzaleek betidanik jarraitu izan diete itsaso zabalean beraiei interesatzen zitzaizkien espezieei, eta, bide batez, eta batzuetan konturatu gabe, espezie horien migrazio-bideak ezin hobeto marraztu. Migrazioei buruzko herri jakinduria zientzia-hipotesi bihurtzea eta hipotesi hori baieztatzea izan da itsaso-zientzien benetako erronka. Gure kontakizunak maiz oso erraz apurtzen den kate honen azken esteka izango du helburu: zientzia-lan hori gizarteratzea hain zuzen.

Zer da migrazioa?

Istorio honen hezurdura mamitu aurretik, saia gaitezen gaia kokatzen. Zer da migrazioa? Harluxet hiztegi entziklopedikoan migrazio terminoa honela definitua dago: “ Zenbait arrain, hegazti, intsektu eta beste animalia mota batzuek, inguru (urtaro, klima, janari-aukera, etab.) egokiago baten bila, egiten duten habitat-aldaketa, bi habitaten arteko aldizkako joan-etorria izaten dena ”.

Arrantza-zientzia, arrainen migrazioa barne, itsas gizonek hainbat urtetan ikasitakoaz eta belaunaldiz belaunaldi bizitako esperientziak erakutsitakoaz aprobetxatu da.
P. CERMEÑO

Definizio honek, oso zabala izaki, jarraian datozen arrainen migrazio-mota gehientsuenak biltzen ditu, eta guretzat baliagarria izanen da. Definitzen den habitat-aldaketa burutzeko, zenbaitetan oso luzeak izaten dira lekualdatze-bidaiak, bestetan, aldiz, motzak; batzuetan habitat-aldaketa ozeanoen baitan burutzen da, bestetan, berriz, itsasotik ibaietara eta alderantziz. Inguru egokiagoa-ren azpian ezkutatzen diren arrazoien artean, janari-aukeraren irizpidea nagusitzen da batzuetan, bestetan, aldiz, ugalketarako egokiagoak diren tokien bilaketa edo ingurumen aldetik bizi-leku oparoagoak. Batzuetan eta bestetan... eta horrela zerrenda luze eta amaigabea osatu arte. Abiatu gaitezen, pausoz pauso, gure narrazio laburrean ondorengo galderei erantzutera.

Zergatik eta zertarako egiten dituzte migrazioak?

Migrazioen zergatia esplikatzerakoan, anitz arrazoi desberdin lehorreratu behar dugu, ohizkoena ugal-migrazio bezala ezagutzen duguna bada ere. Ugal-migrazioan animaliak elikatzen den eremutik ugal-tokietara bidaiatzen du. Ugalketa du helburu, eta animalia helduaren biziraupenerako egokia den eremutik arrautzentzat eta larbentzat egokiagoa den ingurunera lekualdatzen da. Hori horrela izanik, ugalketaren ostean, eta urdaila gidari, itzulerako migrazio-bidea hartzen du (1. irudia).

1. irudia. Arrainen ugal-migrazioaren eredua (ozeanodromikoa). Irudian azaltzen den eredua konplexuena da baina, orokorrean, helduen negutze- eta elikatze-eskualdeak berberak dira. Hala ere, espeziearen errute-garaiaren arabera, arrain helduek mugimendu desberdinak egiten dituzte. (Argazkia: DINGLE-tik (1980) MOLDATUTA).

Haatik, beste migrazio batzuek, ez dute ugalketarekin erlaziorik, eta garaian garaiko elikagai-iturri erabilgarriak edo bizi-baldintza egokiagoak bilatzeko asmoz egiten dira.

Bestalde, migrazio horiek burutzeko orduan ematen den habitat-aldaketa kontuan hartuz gero, migrazio-moten beste klasifikazio bat plazaratu dezakegu. Honela, migrazioa itsaso eta ibai artekoa bada migrazio diadromikoa dela esaten dugu. Lekualdatzea eremu berean gauzatzen denean, ordea, migrazioak eremuaren araberako izendapena hartzen du: migrazio ozeanodromikoa (lekualdatzea ozeano edo itsasoaren baitan ematen da) eta lekualdatze potadromikoa (mugimendua ibaian barna gertatzen da).

Aipamen berezia merezi du migrazio diadromikoak. Migrazio hori burutzen duten animaliek, garai jakinetan ur gazitatik gezatarako edo alderantzizko bidea egiten dute, gehienetan ugalketa izanik helburu. Diadromiak hiru eratakoak izan daitezke: anadromia, katadromia, eta anfidromia (2. irudia).

2. irudia. Habitat-aldaketaren arabera klasifikatutako migrazio desberdinak. (J): jaiotza, (U): ugalketa eta (H): hazkuntza. (Argazkia: GROSS-tik (1987) MOLDATUA).

Espezie anadromoak ur gezatan jaiotzen dira, ale gazteek itsasora migratzen dute bertan bizitzeko, eta gero ugaltzera berriz ere ur gezatara abiatzen dira; era honetako espezie migratzaileen artean lanproiak, izokinak, gaizkatak, etab. ditugu. Espezie katadromoak, berriz, itsasoan jaio ondoren ibaietara zuzentzen dira beren bizitzaren denbora gehiena ingurune horretan emateko, nahiz eta errutera berriro ere itsasora itzuli; migrazio horien adibide ezagunenak aingirak eta angulak ditugu. Azkenik, espezie anfidromoak bere bizitzan zehar toki batetik besterako hainbat migrazio burutzen du, eta ugalketa leku batean edo bestean gertatzen da.

Oraingoz, arestian plazaratu ditugun galderen bi erantzun bakarrik argitu dugu. Segi dezagun, bada, erantzun gehiagoren bila.

Migrazioaren mekanismoak

Arrainek batetik bestera burututako mugimenduek mendetan txunditu izan dute gizakia, are gehiago, behin eta berriz, urtaro beretan leku beretara itzultzeko milaka kilometro egiten zituztela ikusteak. Hori horrela, urtetan iraun duen galdera datorkigu burura: nola orientatzen1 dira bidean eta zein mekanismo garatu dute euren jomuga bilatzeko?

Arrantzaleak, eta oro har gizakiok, mendeetan zehar jakin izan du arrain-migrazioak badirela eta, gainera, urtero urtaro berean, ia hutsik egin gabe, elikagai-iturri oparoa eskuragarri izatea gertakari arrunta bilakatu da.
H. MURUA

Zientzilariek arrainen orientazioari buruzko hainbat azalpen plazaratu dute: eremu geomagnetikoak eta geoelektrikoak, korronteak, usaimena, tenperatura-aldaketak, salinitate-aldaketak, eguzki-argia eta argi polarizatua, etab. Arrazoi horiek guztiak esplikatu eta mekanismo guztiak deskribatzeak luze joko digunez, ez da gainera artikulu honen xedea, zenbait adibide xumek mekanismo horiek hobeto ulertzea ahalbidetuko du.

Eguzki-orientazioa: arrainak, txoriak bezala, orientatzeko eguzkiaz baliatzen direla nahiko garbi dago gaur egun. Arrainek argi- eta zeru-kondizio onak aurkitzen badituzte, eguneroko eguzki-zikloan gertatzen diren aldaketak hauteman eta informazio hori uretan orientatzeko erabiltzen dute. Horretarako, arrainek altitut-ean (eguzki-izpiek plano bertikalarekiko sortutako angelua) eta azimut-ean (eguzki-izpiek plano horizontalarekiko sortzen duten angelua) ematen diren aldaketez jabetu behar dute. Hala ere, eguzkirik ez dagoen egun lainotsuetan nahiz gauez, beste mekanismo batzuk tartekatzen dituzte uretan orientatzeko.

Arrainak konpas magnetiko baten jabe izateak lurraren eremu magnetikoa somatu eta horri esker orientatzeko gai izatea suposatzen du. Sentsibilitate hori duten arrainak ugari dira, hala nola, elasmobrankio subklasekoak, angiliforme ordenekoak, salmo generoko izokinak eta tunidoak.

Arrainek batetik bestera egindako mugimenduek mendetan txunditu izan dute gizakia.
M. ARRAZOLA

Ur-korronteek arrautzak, larbak eta arrain helduak garraiatzeko baliagarri izateaz gain, arrainak hauteman ditzaketen orientatze-seinaleak eragin ditzakete. Behin ur-korrontea topatu eta gero, arraina korrontean orienta daiteke, eta haren alde edo kontra igeri egin.

Arrainek bere bidean orientatzeko usaimena erabiltzen dute eta hau izan zen, hain zuzen ere, nola orientatzen ziren galderari erantzuteko proposatu zen lehen mekanismoa. Migrazio anadromikoa egiten duten espezieetan gertatzen da batez ere. Arrainek euren jaioleku izan den ibaiaren usain bereizgarria ikasten dute beren bizitzaren fase goiztiar batean, eta gerora, usain hori aurkitzeak zuzentzen du ugal-migrazioaren nondik norakoa. Ikasitako usain horrek jaiotako ibaira bultzatzen du arraina, kasik hutsik egin gabe, ugaltzera.

Dirudienez, tenperatura da arrain-migrazioa abiarazten duen ingurumen-faktore garrantzitsuena. Gainera, hala zuzenean nola zeharka, arrainen orientatzeko mekanismoetan eragin handia du. Espezie migratzaile askoren mugimendua tenperatura-aldaketak bideratzen du, eta gustuko dituzten isotermei jarraitzen diete euren bidaietan.

Tenperaturarekiko erantzun hau zuzena, tenperatura jakin bat dute gustuko, edo zeharkakoa, elikagaien ugaritasunari loturiko erantzuna, izan daiteke. Izan ere, planktonaren bloomak eta tenperatura-aldaketak erlazionatuta daude, eta, ondorioz, arraina elikagaia aurkitu nahian tenperatura egokiaren bila ibiltzen da.

Migrazioen ikerketa

3. irudia. Sardinzar baten markaketa.

Sarreran aipatu dugunez, arrantzaleak, eta oro har gizakiok, mendeetan zehar jakin izan du arrain-migrazioak badirela eta, gainera, urtero urtaro berean, ia hutsik egin gabe, elikagai-iturri oparoa eskuragarri izatea gertakari arrunta bilakatu da. Kasu askotan, halaber, kostaldeko komunitateak migrazio horien menpe daude beraien biziraupena ziurtatzeko. Beraz, hori horrela izanik, nola ikertu migrazioak?

Azken mendean migrazioak ikertzeko metodo zabalduena, erabilgarriena eta, era berean, baliagarriena arrain-markaketa izan da, eta egun ere hala da. Arrainak identifikatzeko marka horien bitartez, arrainen migrazio-bideak marrazteko informazio oso baliagarria erdiesten da. Hurrengo lerroetan, metodo hori era xume eta ulergarrian zuenganatzen saiatuko gara: arraina bizirik harrapatu eta berari buruzko informazioa jaso ondoren (markaketaren data, posizioa, pisua, luzera, egoera, etab.), markatu egiten da, eta berriro ere bere ingurune naturalean, uretan alegia, uzten da.

Arrain-aleari jarritako marka (3. irudia) horrek kode bat eta markatzen duen pertsona edo erakundearen izena eta helbidea (marka hori nori itzuli behar zaion jakiteko) ditu. Horrela, arraina berriz arrantzatutakoan, marka jasotzearekin batera, berriro ere datu berberak neurtzen dira. Ondorioz, nahiz eta arrain horren ibilbide osoa ez ezagutu, badakigu denbora jakin batean zein desplazamendu egin duen eta denbora horretan izan duen hazkuntza ezagutzeko ere balio du.

4. irudia. Arrain-migrazioen ikerketan erabiltzen diren marka-mota desberdinak. (A) Marka konbentzionalak, (B) Pop-up markak eta (C) Barneko eta artxiboko markak.

Bistakoa da metodo honen sinpletasuna, eta aurrera eramateko ez du zailtasun handirik agertzen. Hala eta guztiz ere, hiru dira aipatutako metodoan aurki ditzakegun eragozpenak: marken galera, arrainei sortarazten dien kaltea eta marka berriro berreskuratzeko probabilitate txikia (arraina berriz arrantzatu ez delako edo arrantzatu arren marka ez delako ikertzaileen eskuetara heldu).

Hain metodo erraza eta arrunta izanik ere, azken hamarkadetan aurrerapen itzela eman da ikerketa-eremu horretan. Horren kariaz, marken inguruan izugarrizko dibertsitatea eta barietatea dago, beste artikulu bat idazteko lain; guk ordea, gainbegirada bat besterik ez diegu eskainiko. Oro har, marka-mota bi dira:

  • Kanpo-marka: arrainen azalean txertatzen da eta behatzailearentzat ikusgarri da.
  • Barne-marka: arrainen barnean txertatzen da. Behatzailearentzat ikusgarria ez denez, bi modutara antzeman dezakegu: kanpo-marka berezi bat ezartzen da edo, bestela, arraina arrantzatu ondoren hainbat industriak dituzten sentsoreen bidez hautematen da.

Barne- zein kanpo-markak era desberdinetakoak izan daitezke (4. irudia):

  • Konbentzionala: kode eta helbide bana daramatzan euskarria.
  • Pop-up marka: arrainaren posizioa, sakonera eta uraren tenperatura jasotzen ditu orduro. Lortutako informazioa satelite bidez jasotzen da; marka, aurretik programaturik dagoen data jakin batean, azaleratzen denean (5. irudia).
  • Barneko eta artxibokoa: pop-up-ak bezala, baina barne-marka da. Horrek animaliaren eta uraren tenperatura jasotzen du (kanpora luzapen bat du).
5. irudia. Atun bat pop-up markarekin.
B. BLOCK

Haatik, badira migrazioak ikertzeko beste modu batzuk. Alde batetik, flota desberdinen harrapaketek informazio ugari helarazten dute, hala nola, urtaro bakoitzeko harrapaketei so eginez, espezie desberdinek nondik norako lekualdatzeak burutzen dituzten konturatu gara. Urteko garai desberdinetan, arrain-espezie bera ez da leku berean harrapatzen eta jazoera honek, kualitatiboki behintzat, migrazio-bideak marraztea ahalbidetzen du. Bestetik, animalia batek dituen parasitoek ere informazio baliagarria eskain dezakete. Teknika hori arraina toki jakin bateko parasitoaz kutsatzen denean erabiltzen da. Honela, behin migrazioa gertatu eta gero, parasitodun arraina parasitoa bizi ez den eremu batean arrantzatzen bada, arrainak egin duen desplazamendua non hasi eta non amaitu den jakin dezakegu.

Eta horrek guztiak ba al du arrantzan eraginik?

Irakurle bizkorra, tituluan erreparatu ondoren, jada ohartuko zen erantzuna baiezkoa dela. Aipatu dugun bezala, mendeetan zehar kostaldeko hainbat komunitate arrain migrazioen menpe geratzen da urtaro jakin bateko sostenguaren zain. Ezagunak ditugu mundu zabalean migrazioaz aprobetxatzen diren arrantzak, eta artikulu honetan denak aipatzea ezinezkoa bada ere, hurbileko adibideak laburbiltzen saiatuko gara.

Berdela, udatik negu arterainoko denboraldia Europako iparraldean igaro eta gero, martxoaren hasieran, ugal-migrazioari jaramon eginik, Bizkaiko Golkoko ekialdetik sartzen da Hondarribiko kostaldera. Errute-sasoia aurrera doan heinean, Kantauri itsasoan barrena mendebaldera jotzen du, uda partean berriro iparralderako bide luzea hasi aurretik (6. irudia).

6. irudia. Berdelaren migrazio-eredua (populazio bakarraren hipotesian oinarrituz). (Argazkia: A. URIARTE).

Negua non pasatzen duen oso argi ez dagoen arren, inor gutxi da udaberria non igarotzen duen ez dakiena. Bizkaiko Golkoko urak antxoarentzat tenperatura egokia duenean azaleratzen zaigu baxurako flotaren erregina, bere ugal-sasoia abian jartzeko.

Baxurako euskal flotak ustiatzen dituen hegaluzea eta hegalaburra migrazio luzeak burutzen dituzten espezieak dira. Atlantikoaren alde batetik bestera ibiltzen dira garai eta bizitzako fase desberdinetan, eurentzat bizitzeko eta ugaltzeko kondiziorik egokienak bilatzeko asmoz. Honela, hegaluze helduek, apiriletik iraila arte Karibe itsasoko ugal-eremuan erruten egon ondoren, negutze-eremuetara (Atlantiko erdialdera) migratzen dute negua pasatzeko asmoz (7. irudia). Bestalde, hegaluze gazteek bere bizitzako lehenengo lau neguak helduekin pasatzen dituzte negutze-eremuan.

Urteko garai desberdinetan, arrain-espezie bera ez da leku berean harrapatzen, eta jazoera horrek, kualitatiboki behintzat, migrazio-bideak marraztea ahalbidetzen du.
M. ARRAZOLA

Ugal-garaia heltzean, oraindik ez dute ugaltzeko gaitasunik eta elikatzeko asmoz Bizkaiko Golkora abiatzen dira uda partean. Hegalaburrak, aldiz (8. irudia), Mediterraneoko errute-eremuan jaio eta lehenengo urtea Marokoko kostaldean pasatu ondoren, uda partean, heldutasunera iritsi bitartean, Bizkaiko Golko aldera migratzen du tripa bapo betetzera. Negu aldera, berriz, Marokoko kostaldera itzultzen da. Behin heldutasunera ailegatzean, Mediterraneo itsasora itzultzen da eta han pasatzen du urte guztia, nahiz eta zenbait alek uda-partean Norvegiaraino bidaiatu.

Errute-garaian, baldintza egokien bila, hego-ipar migrazio bat gertatzen dela uste da. Honela, errute-garaia hasten denean, abendua eta otsaila artean, bai harrapaketa baita legatz-kopuru handiena Bizkaiko Golkoko hegoaldean izaten da. Errute-garaia aurrera doan heinean, iparrerantz migratzen du eta ekaina eta uztaila partean Irlandako itsasoan egoten da.

Aspaldian migrazio honen adibide gehiegirik ez bada ere, gure aiton-amonek gogoratzen dute garai batean ibaian gora saltoka maiz ikusten zituztela izokinak (Bidasoa, Urumea, etab). Izokin helduek abendua eta urtarrila bitartean jotzen dute ibaian gora euren ugal-tokietara.

Kontuak kontu, Euskal Herriko flota garaian garaiko espezie migratzaileei ahalik eta etekin handiena ateratzen saiatzen da. “ Garaian garaikoa ” aholkatzen digu denok ezaguna dugun euskal sukaldari batek. Hitz-joko hori eta gure gastronomia-kultura uztartzen baditugu, erraz kontura gaitezke euren migrazio-bideak jarraituz sasoi bakoitzean zein espeziek bisitatzen duen gure kostaldea. Zahar ele, zuhur ele, arrantza migrazioak gidatzen du.

7. irudi. Hegaluzearen migrazio-eredua.
H. ARRIZABALAGA
8. irudi. Hegalaburraren migrazio-eredua.
H. ARRIZABALAGA

Orientatzea, nabigatzea eta pilotatzea

Arrainek, eta oro har animalia-multzo askok, batetik bestera mugitzeko, orientatzeko, pilotatzeko eta nabigatzeko gaitasuna dute eta hiru mekanismo horiek erabiltzen dituzte migrazioan puntu batetik abiatuta euren helmugara ailegatzeko.

(Argazkia: MCKEOWN-tik (1984) MOLDATUA).

Demagun arrain bat bere migrazioaren jatorri-puntuan dagoela eta ibai baten bokalea dela bere helmuga. Arrain horrek, orientazio-mekanismo baten bidez (eguzki izpiak, eremu magnetikoa, edo dena delakoa), norabide bat hartzen du eta bere helmugarantz abiatzen da. Arraina A kasuan aurkitzen da. Orientatzen ari da. Demagun, orain, korrontearen edo beste faktore batzuen eraginez arrain berbera bidean desplazatu egiten dela (B kasua); argi dago lehengo orientazioa mantenduz gero (marratxodun gezia) galdu egingo dela. Ondorioz, jaso duen estimulu batek lagunduta, helmugara ailegatzeko nabigatu egiten du.

Nabigatzea orientabide-zuzenketari deritzogu (gezi jarraia). C kasuan, aldiz, animalia desplazatu egin da eta zuzenketa burutzeko estimulua galdu egin du (gezi okerra). Orduan, galduta, pilotatzen hasten da (inguruko marken edo estimuluen laguntzaz mapa bat egin dezake) behar duen estimuluaren bila. Behin estimulu hori aurkitu eta gero, helmugara iristeko nabigatzen eta orientatzen hasiko da.

Beraz, ez da posible orientatzerik arraina nabigatzeko edo pilotatzeko gai ez bada. Mekanismo bakoitza bestearekin erlazionatua dago eta hiru ekintzak aurrera eramateko gaitasunak ahalbidetuko du arraina bere jomugara iristea.


Bond, C. E.
Biology of Fishes.
Philadelphia:
Saunders College
Publishing. 1979.

Cort, J.L.
Cimarrón. Eusko
Jaurlaritzaren
Argitalpen
Zerbitzu Nagusia.
1994.

Harluxet Hiztegi
Entziklopedikoa.

Helfman, G.S;
Collete, B.B eta
Facey, D.E.
The Diversity of
Fishes. Blacwell
Science. 1997.

McKeown, B.
Fish Migration.
London: Croom
Helm. 1984.

Uriarte, A eta
P. Lucio.
Migration of adult
mackerel along
the Atlantic.
European shelf
edge from a
tagging
experiment in the
south of the Bay
of Biscay in 1994.
Fisheries Research
50:129-139. 2001.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia