Michael Jackson-ek ez du jendea hunkitzen
1993/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
EEBBetan kable-telebistako konpainia batek, garun-uhinen analisirako sistema bat erabiliz, telebista-programa desberdinek ikusentzuleengan duten eragina neurtu du. Lehenengo emaitzen arabera, dokumental gogorrak omen dira ikusentzuleen arreta bereganatzen dutenak. Aldiz, Michael Jackson-en kontzertuek oso erantzun eskasa izan zuten. Sistema, elektroenzefalografo bat besterik ez da.
Aztergai den pertsonaren buruan oso sentsore sentikorrak jartzen dira, hauen bidez garuneko pultsurik txikienak ere detektatzen direlarik. Pultsu elektrikozko korrontea hain txikia izaten denez, anplifikatu egin behar izaten da. Anplifikatzaileek, oro har, soinuak sortzen dituzte jatorrizko seinaleak eraldatuz. Baina, sistema honek erabiltzen duen anplifikatzailea soinu txikikoa da eta, beraz, lortutako seinalea fidagarritasun handikoa.
Sistemaren diseinatzailea Masahiro Kahata da eta seinale anplifikatua Macintosh ordenadore pertsonal batean tratatu dute. Fourier-en transformatuen bidez irudi bihurtzen da, bertan seinalea osatzen duten frekuentzia desberdinak ikusten direlarik. Irudia datu-bilketan aldi berean lortzen da eta haranak zein gailurrak oso ongi azaltzen dira ordenadore-monitorean.
Entzefalografoak garuneko ihardueraren hiru minutu irudika ditzake pantaila bakoitzean eta gainera garunaren bi hemisferioetan, eskuinekoan zein ezkerrekoan, dagoen iharduera aurkezten da.
Beraz, irakurle, Michael Jackson-en kontzertuak ezin esan tristeak direnik, baina lilura berezirik ere ez dute sortzen.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia