Miarritzeko Itsasoaren Museoa
1997/07/01 Urkizu, Urtzi Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ozeanografiaren mundua nahikoa berria dela esan daiteke, XIX. mendearen bigarren erdialdean hasi baitziren zientzilariak ozeanoak eta ozeanoen hondoa ikertzen. 1864tik 1896ra Folin markesak ozeanografian lan itzela egin zuen Europan zehar, arlo honetan aitzindarietakoa izan zelarik. 1883an, Biarritz Association elkartearen sorreran lagundu zuen Folin markesak eta ondorengo hitzak esan zituen inaugurazioan: “Behar beharrezkoa da Miarritzek egoera berezi hau onartzea, mundu osotik jendea etorriko den ikasketa-gune bat eratuz” . Ideia horretatik jaio zen Itsasoaren museoa eta, geroago, Ikasketa eta Ikerketa Zientifikoen Zentroa.
Urte batzuk igaro ziren 1933ko abuztuan museoa eraiki zen arte. Bildumak apurka apurka iristen joan ziren eta, azkenik, Paul Arnéren zuzendaritzapean, ofizialki zabaldu zen 1935eko uztailaren 7an. Oso eraikuntza modernotzat jo zuten garai hartako arkitektoek, erakusketa-aretoak ere nahikoa berritzaileak zirelarik.
Museoa eraberrituz
80ko hamarkadan eraikuntzako zati batzuk zaharkiturik zeudela konturatu ziren. Ikerketa teknikoek ziotenez, beharrezkoa zen erakusketak berritzea. 1991ko urrian hasi ziren lanak, berritze-proiektu neketsu bat onartu ondoren. Zortzi hilabete pasa ondoren, 1992ko udan ireki zen museo berria, hasierako izpiritua gordez, nolanahi ere.
Berriztapenarekin, aretoak hobetu egin ziren, gaur egungo teknikak ere aplikatuz bisitarien atseginerako: aire-egokigailuak, lurrinkontrako sistema akuarioko kristaletan, isolamendu fonikoaren hobekuntza... Oreka lortzen saiatu izan dira, beraz, eraikin zaharraren izpirituaren eta gaur egungo aurkezpen museologikoen artean.
Museoa berritu zenean, halaber, garbi finkatu ziren gune horrek betebeharreko helburuak: bisitariek ulertuz, deskubrituz eta ikasiz goza dezatela bilatzen da, lehenik bisitarekin, bisitaren ikuspegi estetikoa zainduz eta ilustrazioen bitartez (argazkiak, irudiak, maketak eta objektuak); bigarrenik, jokuen bitartez, ikus-entzunezko sistema interaktiboekin, atsedenerako guneekin eta itsasora begira dagoen L´Atalaya tabernarekin; eta hirugarrenik, bizitzaren plazerrarekin, organismo bizidunekin kontaktuan egotea (kristal baten bitartez bada ere) gizakiaren oinarrizko emozioa baita.
Bizkaiko Golkoa hiru solairutan
Bisitaren iraupena ordu eta erdi eta hiru ordu bitartekoa izaten da normalean eta horrelaxe egin genuen geuk ere. Hasteko, beheko solairuko akuario berrien areto nagusira joan ginen. Bizkaiko Golkoko fauna eta flora ezagutzeko leku aproposa da hau, itsaspeko dibertsitatea ezagutzeko baliagarria, forma, dekorazio eta ikuspegi desberdinak eskaintzen baititu. Akuario bakoitzaren barne-dekoratua, handia ala txikia, kalitate eta zinezkotasun handikoa da harri naturalen erabilerari esker. Guztia bisitariak itsaspeko giroa benetan senti dezan prestatu da. Beheko solairu honetan, azkenik, Carey dortoka bitxiaren moldea ikusteko aukera ere badago.
Aparta da, benetan, bigarren solairu eta terrazaren artean dagoen foka edo itsas txakurren akuarioa. Akuario honek 150 m3-ko bolumena du eta hilean behin garbitu egiten da, ondoren 150 mila litro ur gehiagoz betez. Soilik akuario honetan erabiltzen da kloroa, alga mikroskopiko kaltegarriak sor ez daitezen. Sistema berezi batez, bestalde, kloroa kontrolatzen da animaliak eroso egon daitezen eta osasun-arazorik izan ez dezaten. Museora txakurrak eramatea debekatuta dago, fokei Carré gaixotasun larria kutsa baitiezaiekete.
Lehen solairuan areto desberdinak daude ikusgai, modu egokian ilustratuta guztiak: urpekaritza, arrantza eta ozeanografia aztertzen dira bereziki. Folin aretoan, esaterako, ozeanografiaren historiaz eta eboluzioaz informazio argigarria ematen zaigu. Balearen arrantza aztertzen da aldameneko aretoan, beste arrantza-teknika batzuk ere azalduz. Solairu honetan, dena dela, zetazeoen eskeletoak eta moldeak dira deigarrienak (derrigorrez ikusi beharrekoa da zelakantoaren fosila).
Bigarren solairura garamatzaten eskaileretan gora goazela, laud dortokaren eskultura zintzilik ikusten da. Dortoka ezagun hau 1936an harrapatu zuten Oleron irlan eta bost egun behar izan zituzten Miarritzera eramateko. Upela handi batean jarri zuten, baina bi egun baino ez zituen bizirik iraun.
Aldi baterako lau erakusketa urtean
Bigarren solairuko Arné areto txikian aldi baterako erakusketak jartzen dira, bakoitza hiru hilabetez edo egoten delarik. Normalean lau hauetatik hiru zientifikoak izaten dira eta laugarrena artistikoa.
Era berean, erakusketa bakarra izaten da museoak berak egindakoa (kontuan izan bost hilabete inguru behar direla horrelako lan bat prestatzeko); beste hirurak kanpotik ekartzen dira. Itsasoarekin lotura izaten dute guztiek eta bolumen txikikoak izan behar dute museo batetik bestera eraman ahal izateko. Aurtengoak erabakita daude: ur gozoari eta Antartikako Kergüelen irlei buruzko erakusketak muntatuta daude jadanik eta Goiko izeneko artista nafarraren lanak ere ikusgai daude; urteko azken erakusketak berriz, astronomiak itsasoan eta lur lehorrean duen eragina aztertuko du.
Bestetik, solairu berean, Atalayaren ikus-entzunezkoen aretoa dago. Geologiaz, meteorologiaz eta ozeanoez gehiago jakiteko aukera eskaintzen zaigu objektu eta taulei esker. Historiako lehenengoetako surf-ohola beira-arasa batean dago: 22 kilo pisatzen du ohol zahar honek! Gure begiak, ordea, fokengana zuzenduko dira ziurrenik, kristal handi baten bidez ugaztun hauek urazpian lasai-lasai ikus baititzazkegu. Bisitari bat baino gehiago harrituko da, azkenik, marrazoen hartzuloa ikustean (kristal baten atzetik, noski).
Arestian aipatutako fokak uretatik ateratzen ikus daitezke goiko terrazan. Itsasoari begira atsedena hartzeko aukera badago aldameneko taberna lasaiean; baita oparitxoren bat edo oroigarriren bat erostekoa dendan. Ezin bisita amaitu, ordea, galeria ornitologikotik pasa gabe. Euskal Herrian ikus daitezkeen hegaztiak aurkezten dira bertan, 270 espezie disekatuen bildumaren bitartez. Badago bestalde, gaztetxoen gozagarri eta baita helduagoentzat ere, aurkezpen original bat: 40 hegaztiren kantuak entzuteko aukera areto txikian.
Ikerketa ahaztu gabe
Museoarekin lotuta dagoen Miarritzeko Ikerketa eta Ikasketa Zentroa (CERS) 1956an sortu zen eta ordutik hona lan garrantzitsuak egin ditu ondoko laborategiekin:
- Arrantzaren Institutuko laborategia (ISTPM)
- Nekazaritzako Ikerketaren Institutuko laborategia (INRA)
- Uraren Analisirako laborategia (CEDER)
- Plankton eta mikrofaunaren laborategia (LAPHY)
- Siderurgiaren Institutua (IRSID)
- Uretako ingurugiroaren Institutua (IMA)
- Parisko Museo Nazionalaren laborategia.
Herrialde desberdinetako beste akuario publiko batzurekin ere lan egiten dute bertako zientzilariek, informazioa eta esperientziak trukatuz.
Une honetan, Port-vieux hondartzatik museo aurreko birjiñaren arrokarainoko kostaldea ikertzen ari dira, batez ere bertako fauna. Aipatzekoa da gune hau oso aberatsa dela fauna aldetik, arroka asko eta zulo sakonak baitaude. Baina arrain-espezie batzuk desagertzen ari dira pixkanaka-pixkanaka. Ikerketa hau burutzeko, besteak beste, Donibane Lohizuneko arrantzaleekin jarri dira harremanetan zientzilariak.
Etorkizunari begira
Guztira hogei lagunek egiten dute lan museoan, baina horietatik zientzilariak, ikerketan buru-belarri dabiltzanak, Laurent Soulier eta M. Harambillet dira. Etorkizuneko proiektuei buruz galdetzerakoan, Laurent Soulier-ek lanerako gogoa azaldu digu:
“Alde batetik zentro pedagogiko bat eratu nahi genuke, aurrerapauso garrantzitsua bailitzateke. Bestetik, astronomian eta urpeko arrantzan ibiltzen diren pertsonekin kolaborazio-lanak egitea oso positiboa da; Baionako Unibertsitatearekin proiektu zientifikoak garatzeko asmoa ere badugu; Donostiako akuariumarekin elkarlanean ere izango gara; eta hizkuntza desberdinetan egongo den gida bat prestatzen ari gara, informazio gehiago ematearren”.
Moderno eta erakargarria dugu, beraz, Miarritzeko Itsasoaren museoa. Datu adierazgarria da, azkenik, bisitari-kopuruena: Lehenengo urteetan 30.000-50.000 bisitari inguru izaten baziren urteko, 50eko hamarkadan 100.000 bisitari baino gehiago izatera pasatu ziren; 1972tik aurrera berriz, 170.000 laguneko kopuruari eutsi zioten urte batzuetan. 1991ko udazkenean egin ziren lanak eta ordurako 6,7 milioi pertsonek ikusi zuten museoa. Berritze-lanekin bisitari-kopuruak gora egin du eta 1996an 270.000 pertsona izan ziren Itsasoaren museoan. Begibistakoa da museo eder honen arrakasta.
Museoa urteko egun guztietan dago irekita urtarrileko bigarren astean izan ezik. ORDUTEGIA Udan ordutegia aldatu egiten da. Telefonoak: Faxa: |
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia