}

Metro berria Parisen

1987/08/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Metro berri baten saioak hasi dira egiten Parisen. Tren berriari Boa esaten diote, kurbak sugeen moduan hartzen dituelako. Aplikatu diren sistema berriei esker, sei bagoiko tren baten kapazitatea zazpikoa adinakoa da. Kurba itxietan gertatzen diren gurpilen txirrioak ere ezabatzen dira diseinu berriari esker.

Ohizko trenek bi ardatzeko bogiea daukate bagoi bakoitzaren bukaeran. Tren giltzatuak ez dira berriak. Bi bagoik bogie bat elkarbanatzen dute. Beste tren giltzatuetatik Boa desberdintzean duen puntua, zera da: bagoien pisua ardatz bakarrak eustea.

Bi ardatz finko dituzten bogiek trenbide gehienetan ondo egiten dute lan, kurben erradioa nahikoa handia delako. Baina metroen lineak kaleen egiturari jarraitzen zaizkionez, oso kurba itxiak hartu behar izaten dituzte; 90°koak Pariseko metroaren zenbait kasutan. Kurba hauetan, bidaiariak molestatzen dituzten txikizioak sortzeaz at, errailen desgaste handia gertatzen da.

Boak arazo honi aurre egiteko, ardatzetan diferentzial bat dauka. Kurbetan kanpo aldeko gurpilak barrukoak baino gehiago ibili behar du eta honek sortzen ditu txirrioak eta desgastea. Diferentzialarekin oztopo hori gainditu egiten da.

Karga-ahalmen handiagoa, bagoien artean eraiki diren plataforma berriei zor zaie.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia