}

Meteorologiarako oinarrizko datuak

2001/03/01 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Presio atmosferikoa barometroekin neurtzen da. Itsas mailan 950 eta 1.050 milibar artekoa izaten da, eta behe-presioko eremuak edo depresioak eta goi-presioko eremuak edo antizikloiak bereizten dira. Diferentzia horiek ikaragarrizko garrantzia dute meteorologian, aire-masen mugimendua eta, beraz, haizeena baldintzatzen baitituzte.

Etxola meteorologikoa. Tenperatura eta hezetasuna neurtzeko tresnak daude bertan.
J. Mendiburu

Tenperatura munduko meteorologia estazio guztiek baldintza berdinetan neurtzen dute. Baldintza horiek oso zehatzak dira. Termometroa belarretik 1,5 m-ko altueran dagoen etxola babestu batean jarri behar da. Gainera, etxolak ongi aireztatua eta zuriz pintatua izan behar du. Itsasontzietan, berriz, baldintza berdinak lortzeko zorua berdez pintatu behar da eguzki-erradiazio islatu bera izateko.

Eguzki-energia neurtzeko piranometroa (edo solarimetroa) erabiltzen da (ikus argazkia), eta 30 segundotik behin ematen du jasotzen duen eguzki-energiaren berri.Hezetasuna aire-masa batean dagoen ur-proportzioa da. Proportzio hori % 100era heltzean, behe-lainoa sortzen da, ur-tanta txikiak.

Lainoak zein altitudetan dauden eta ikuspena leku jakin batean neurtzen da. Hau da, telemetroaren gainean justu laino bat egonez gero, zerua lainotua dagoela pentsa daiteke, eta, alderantziz, nahiz eta zerua lainotuta egon, justu aparatuaren gainean lainorik ez badago, oskarbi dagoela pentsa daiteke. Horregatik da garrantzitsua meteorologoek une oro datu horiek egiaztatzea. Laffite jaunaren hitzetan, "behaketa erabat automatikoa ez da oraindik guztiz fidagarria".

Eguzki-erradiazioa neurtzeko piranometroa erabiltzen da.
J. Mendiburu

Prezipitazioa neurtzeko 37 cm-ko diametroa duen ontzia erabiltzen da. Ontzi horretara erortzen den euri-ur milimetro bakoitzak metro karratuko litro bat ur erori dela esan nahi du. Gauez eta ekaitz-egunetan euri-kantitatea neurtzeko material automatikoa ere badago.

Haizearen noranzkoa eta intentsitatea neurtzeko anemometroa erabiltzen da. Intentsitatea dinamoak ematen dituen bira-kopuruaren bidez neurtzen da; birak zenbat eta azkarrago eman, orduan eta intentsitate handiago izango du haizeak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia