}

Metalez estalitako mendiak Artizarrean

2004/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Berun eta bismuto ugari dago Artizarreko mendietan, planeta hori aztertu duten radarren seinaleen arabera. Mendiek bailarek baino askoz errazago islatzen dituzte radarren izpiak. Horregatik uste dute astronomoek metal horien kontzentrazioa handia dela mendietan eta txikia behe-lurraldeetan. Baina ez dago argi nola iritsi diren metal horiek goiko lurraldeetara. Orain, zientzialariek hipotesi bat plazaratu dute horri azalpena emateko.

(Argazkia: NASA).

Artizarra Lurraren tamainakoa bada ere, alde handia dago bien artean. Artizarrak, besteak beste, karbono dioxidoz osatutako atmosfera du, eta, atmosfera hori oso trinkoa denez, berotegi-efektu indartsua eragiten du. Beraz, planetaren azala izugarri berotzen da; batez beste, 647 graduan dago azala. Tenperatura hori metal astunak lurruntzeko adinakoa da, eta, zientzialarien ustez, altuera handietan kondentsatu egiten dira. Prozesu horren bitartez, pixkanaka, mendien goialdean pilatzen dira metal horiek. Banaketa hori ez litzateke Lurrean gertatuko, baina, Artizarreko tenperatura ikusita, han gerta liteke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia