Metala zuntz optikoaren barruan
2006/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Kable elektrikoen ordezkoa da zuntz optikoa hainbat aplikaziotan, Interneteko zerbitzarien arteko konexioetan eta Ozeano Atlantikoa zeharkatzen duten telefonoaren kableetan, esate baterako. Zuntz horiek beira hutsez eginda daude, baina abantaila handiak izango lituzkete metalezko kableak ere integratuta izango balituzte. Horregatik garatu dute kimikari batzuek material konbinatu hori egiteko modu bat.
Beira eta metala zuntz bakarrean konbinatzeak prozesu kimiko konplexu bat eskatzen du, oso egitura konplexua dutelako. Ohiko zuntz optikoa bera beirazko bi geruzaz dago osatuta: barruko geruzaren beira germanio oxidoarekin nahastuta dago, eta kanpokoa beira arruntekoa da. Argia barruko geruzatik doa, eta, dispertsatu ez dadin, kanpoko geruzaren barrualdeak ispilu gisa jokatzen du. Gainera, barruko geruzak zulo bat du erdian, handik beste argi-seinale batzuk bidali ahal izateko. Hain zuzen ere, metala zulo horren paretan jartzea izan da kimikarien helburua, eta izan duten zailtasun nagusia metalak prozesu horretan zuloa ez buxatzea izan da.
Kimikariek lortu dute helburua, germanio hidruroa gas egoeran zuntz optikoaren barrutik pasaraziz. Germanioa kristalizatu egiten da zuloaren barrualdetik. Metalezko estalketa horretan korronte elektrikoa eragiten da argia zuntzetik pasatzen denean. Eta horrek ate asko ireki ditzake zuntzen ingeniaritzan.