}

Metala zer da?

1987/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Galdera hau ergeltzat jo dezake irakurle batek baino gehiagok; kimikazko edozein testu-liburutan erantzuna aurki daiteke eta. Elektrizitatea eta beroa erraz garraiatzen dituen materiala da metala.

Ba metalaren definizioa zein den ez dago horren garbi. Ezaguna da elementu guztiak nahikoa hozten direnean metalek bezala jokatzen dutela. Bestalde, eroaleak isolatzaile bilakatzen dira presio– eta tenperatur baldintza egokiak jarriz gero. Gainera azken urteotan korronte elektrikoa eroan dezaketen konposatu organikoak sintetizatu izan dira; poliazetileno plastikoa adibidez.

Zilegi dirudike beraz, egoera metalikoaren definizio egokiagoa emateak. Horixe egin berri dute John Emsley eta Peter Edwards kimikariek New Scientist zientzi astekari britaniar ezagunean. Hauek metala definitzeko eroankortasuna gerta dadin behar den atomo-kopuru minimoa adieraziz egin daitekeela proposatzen dute. Zenbat zilar-atomo behar dira zilarra eroale izateko? 1500 nahikoa al dira? Ba ez; 1500 zilar-atomoetan elektrizitatea eroango duten elektroiak lokalizatuegi daude eta ezinezkoa zaie atomo desberdinen artean zirkulatzea. Zilarraren kasuan eroalpena gertatzeko 10000 atomo behar dira gutxienez, hots, metalaren egitura kristalinoa ikusi ahal izateko behar den atomo-kopururik txikiena.

Metodoa egokia dateke akaso!

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia