Merkatua osasunaren kaltetan

Mundu mailan prebeni daitezkeen heriotzen heren baten eragileak lau industria dira: erregai fosilak, alkohola, tabakoa eta elikagai ultraprozesatuak. Hala baieztatu zuen The Lancet aldizkariak, osasunaren baldintzatzaile komertzialei buruz 2023an argitaratu zuen sail berezian. Baldintzatzaile komertzialak industriak eta merkatuak baliatzen dituzten praktikak dira, portaeran edo kontsumoan eragiteko, beren irabazi ekonomikoen mesedetan, eta erabiltzaileen edo kontsumitzaileen osasuna arriskuan jarriz.

Osasunaren eredu biomedikoaren arabera, parametro biologikoek baldintzatzen dute pertsona baten osasun-egoera, eta gaitza arrazoi fisikoen ondorio da. Ikuspegi hori oso kamutsa da, ordea, eta, haren ordez, eredu biopsikosoziala erabiltzen da gaur egun.

Eredu horretan, faktore biologikoez gain, psikologikoak, sozialak eta kulturalak ere aintzat hartzen dira, osasunaren eta gaitzaren eragile gisa. Horren erakusgarri da epidemiologoek ezagun egin duten esaldi hau: “Pertsonen bizi-­itxaropenean eragin handiagoa du posta-kodeak kode genetikoak baino”. Urrutira joan gabe, Bilbon, bizi-­itxaropenaren luzeran bi muturretan dauden auzoen arteko aldea 6 urtekoa da emakumeetan, eta are handiagoa gizonetan: 9 urte.

«Pertsonen bizi-­itxaropenean eragin handiagoa du posta-kodeak kode genetikoak baino»

Baldintzatzaile komertzialek eredu biopsikosoziala osatzen dute, eta oso argi erakusten dute merkatuaren botereak bizitzen gainetik agintzen duela. Petrolioaren eta autoen industria eskutik doaz, eta adibide garbia dira, sortu zirenetik bultzatu baitute kontsumoa eta erabilera, baita ingurumenaren eta pertsonen osasuna babesteko legeei eta araudiei iruzur eginez ere.

Petrolioaren industriak ezkutatu zuena

Muga legalak ezarri aurretik ere, petrolio-­konpainiek bazekiten beren jarduera kaltegarria zela. Adibidez, AEBko petrolio-industria handienaren lehendakariak (American Petroleum Instituteko Frank Ikard), urteko bileran, “Gure ingurumenaren kalitatea bere onera ekarri” izeneko txosten bat aipatu zuen. Txosten hori egun batzuk lehenago argitaratu zuten Lyndon Johnson AEBko presidentearen aholkulari zientifikoek. 1965. urtea zen.

Ikardek txostenaren muina azaldu zien industrialariei: “Oraindik garaiz gabiltza munduko herriak salbatzeko kutsaduraren ondorio katastrofikoetatik; baina denbora agortzen ari da”. Txosteneko iragarpen garrantzitsuenetako bat ere esplikatu zien: “Ikatza, petrolioa eta gas naturala erretzeagatik atmosferara gehitzen ari den karbono dioxidoa hain erritmo handian ari da areagotzen, ezen 2000. urterako bero-balantzea erabat eraldatu eta kliman aldaketa nabarmenak gertatuko baitira”.

Aholkulariek poluitzeari uzteko pizgarri ekonomikoak proposatzen zituzten, baita zerga bereziak ere poluitzen zutenen aurka. Orain baieztatu da klimari buruzko iragarpena bete dela, aldaketa nabarmenak gertatzen ari dira, eta txosten hartan iradoki zituztenen antzeko neurriak proposatzen dituzte orain ere agintariek eta erakundeek, karbono dioxidoa atmosferara isurtzeko erritmoa ez baita apaldu —alderantziz—.

Petrolio-industriaren eskutik doa errekuntza-­motordun automobilgintza ere. Industria horien boterea hain da handia, jarraitzen baitute konpromiso politikoen gainetik agintzen. Horren adierazgarri da Europako Batasuna behin eta berriro ari dela atzeratzen errekuntza-motordun autoen amaiera, nazioarteko agendetan eta hitzarmenetan adostutako helburuetara iristea eragozten duen arren.

Tabakoa eta alkohola

Historikoki, petrolio-industriaren eta automobilgintzaren ildo beretik jo dute tabakoak eta alkoholak, eta osasunaren baldintzatzaile komertzialen adibide esanguratsuak izaten jarraitzen dute gaur egun ere.

Tabakoaren kasuan, 1950eko hamarkadatik eta urte luzez, industriak ukatu egin zituen erretzearen eta biriketako minbiziaren arteko erlazioa erakusten zuten ikerketak. Ebidentziak argiak dira, ordea. Gaur egun inork ezin du zalantzan jarri erlazio zuzena dagoela tabakoaren eta zenbait minbiziren artean, eta arrisku-faktore garrantzitsua dela beste gaixotasun batzuk izateko. Horrenbestez, osasun publikoak neurri zorrotzak hartu ditu tabakismoari aurre egiteko.

Eta, hala ere, hain da nabarmena industriaren indarra, iaz lelo hau zabaldu baitzuen Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) erretzearen kontrako nazioarteko egunean: “Ken diezaiogun erakargarritasun-­mozorroa tabakoari: tabako- eta nikotina-­produktuen industriaren taktikak agerian”.

Lelo horren haritik, berariaz jarri zieten arreta gazteei zuzendutako produktuei, zeinak usain, zapore eta diseinu erakargarriak baitituzte, berez izan ditzaketen gogortasuna estaltzeko eta desiragarri bihurtzeko. OMEren esanean, halako produktuen bidez, kontsumitzaileen espektroa zabaltzen dute, eta adikzioa sortzen dute, ia umetatik. Izan ere, Euskal Herrian, tabakoaren kontsumoa jaisten ari da, eta beherakada handiena mutil gazteetan izaten ari da. Beherakada hori gelditzea da, beraz, industriaren helburua.

Tabakoak baino kontsumitzaile gehiago ditu alkoholak, eta gazteak oso goiz hasten dira edari alkoholdunak probatzen. Baina kontsumoa etengabe ari da jaisten, bereziki gazteenetan. Atzean geratu da alkohola ia-ia sendagai unibertsaltzat hartzen zen garaia: iragarkietan ikus zitekeenez, analgesikoa zen, lasaigarria, pizgarria, digestiboa, lo-­eragilea, indargarria…

tabakoa

Lucky zigarroen iragarki historiko bat, emakumeak erretzera bultzatzen, bestela gizendu egingo direla iradokiz. Arg: American Tobacco Company/CC-BY-SA 4.0/Wikimedia


«Tabakoak baino kontsumitzaile gehiago ditu alkoholak, eta gazteak oso goiz hasten dira edari alkoholdunak probatzen»

Oraindik ere, industria saiatzen da sinetsarazten alkohola onuragarria dela, hori bai, “neurrian” edo “modu arduratsuan” kontsumituta, hala nola osasun kardiobaskularra zaintzeko (batez ere, ardoa) edo isotoniko modura (garagardoa). Zientzialariek, ostera, aspaldi frogatu zuten halako baieztapenak iruzurtiak direla, eta dosi txikietan ere kaltegarria dela. Hala ere, alkohola mugatzeko arauak ez dira oso zorrotzak, eta ia edozeinen eskura egoten jarraitzen du. Bestalde, industriak dibertsifikaziora jo du, eta alkoholik gabeko edari berriak merkaturatzen ari dira.

Industria obesogenikoa

Osasun publikoko arduradunentzat, edari azukredunak eta elikagai ultraprozesatuak dira “obesitate-­izurriaren” eragile nagusiak. Horrenbestez, aspalditik ari dira eskatzen neurri eraginkorrak ezartzeko industria horren boterea mugatzeko eta populazioa haren eraginetik babesteko; bereziki, haur eta gaztetxoak.

Euskal Autonomia Erkidegoan, esaterako, 2024ko Haur eta Nerabeen Legean, publizitateari dagokion atalean, hitzez hitz dio iragarkiek ezingo dutela “osasunerako kaltegarriak diren kontsumo, jokabide edo jardueretara bultzatu, hala nola janari lasterrak edo edari energetikoak kontsumitzera”. Antzeko zehaztapena egiten du obesitateari buruzko atalean. Alabaina, nonahi ageri dira era horretako produktuak kontsumitzea sustatzen duten edukiak eta jarduerak.

Jakina, industria horren eragina ez da adin txikikoetara mugatzen; haren boterea egituran txertatuta dago. Horren adibide da azken urteotan telesailetan zein errealitatean ikus daitekeen joera bat, zeinetan batzen diren janari prestatuaren eskaintza gero eta zabalagoa, pisu berrien sukalde txikiak, denboraren banaketa eta bakarrik bizitzea.

Argaltzeko farmakoak

Testuinguru horretan, paradigma-aldaketa ekarri dute Ozempic (semaglutida), Monjauro (tirzepatida) eta era horretako farmakoek. Hasiera batean, diabetesa tratatzeko diseinatu zituzten. Berez, hesteetan sortzen diren hormona batzuetan eragiten dute, eta haien funtzioa, hain justu, odoleko glukosa-maila erregulatzea da. Horrekin batera, baina, ikertzaileek ikusi zuten pazienteek pisua galtzen zutela.

Horrenbestez, ildo horri jarraituz, argaltzea helburu zuten farmakoak garatzen hasi ziren. 2015ean onartu zuten obesitatea tratatzeko era horretako lehen botika, liraglutida, baina arrakasta semaglutidarekin iritsi zen (Wegovy izenarekin merkaturatzen da, argaltzeko bada).

ozempic

Ozempic farmakoa. Arg: Chemist4U CC-BY-SA 2.0


Ondotik beste batzuk etorri dira, denak ere antzeko mekanismoan oinarrituta, eta albo-ondorio gutxiago sortzen dituzte eta pisu handiagoa galarazten. Klinikan, Obesitatea Ikertzeko Europako Elkarteak (EASO) protagonismo nabarmena eman die obesitatearen eta hari lotutako konplikazioen tratamenduan. Izan ere, osasun metabolikoan eta kardiobaskularrean ere onuragarriak direla frogatu dute.

Berez medikuaren aginduz hartu beharrekoak diren arren, bestela ere hartzen dira; ez osasuna hobetzeko, baizik eta itxura jakin bat izateko. KFF AEBko osasun-politikei buruzko erakunde independenteak 2024an egindako ikerketa baten arabera, zortzi heldutik batek (% 12) adierazi du inoiz hartu duela edo hartzen duela halako botika bat, eta haietatik % 40k, argaltzeko.

Hala, AEBn % 600 hazi da argaltzeko farmako horien merkatua 2018tik, eta, adituen iritziz, hazten jarraituko du. Horixe bera iradokitzen dute konpainia farmakologikoak egiten ari diren ikerketek: batzuek nahi dute pilulatan hartu ahal izatea (orain artekoak injektagarriak dira), eta beste batzuk nerabeekin saio klinikoak egiten ari dira.

Emakumeak jomuga

Mijo Lizarzaburu Garcia filosofo transfeminista eta lodiaktibistaren iritziz, hori guztia beste auzi batekin lotzen da: emakumeei, bereziki, haien gorputzekin gaizki sentiarazten diete. Nolabait, autoestimuaren galera bat sortzen dute, eta, aldi berean, kontsumoaren bidez konponduko delako ilusioa.

Mijo Lizarzaburu

Mijo Lizarzaburu Garcia filosofo transfeminista eta lodiaktibista. Arg: Dani Blanco/ARGIA CC-BY-SA


«emakumeei, bereziki, haien gorputzekin gaizki sentiarazten diete»

Argi utzi du ez duela ukatzen farmakologiaren onura, baina zuhurtziaz hartzen du: “Benetan pentsatzen dut farmaziak jendeari laguntzen badio ongizatea lortzen ondo dagoela. Baina ikusi beharko da zer ondorio uzten dituen farmakopolitika lodifobo honek epe luzera”. Izan ere, kontuan hartu behar da duela gutxi iritsi direla merkatura, eta epe luzeko ebidentziak mugatuak direla.

Ildo beretik, Lizarzaburuk uste du farmazia publikoa bultzatu beharko litzatekeela, finantziazio publikoarekin, eta emaitzak ere populazio osoaren eskura jarriko lituzkeena. Izan ere, begi-bistakoa da industria farmazeutikoak bere onura bilatzen duela bultzatzen dituen ikerketetan.

Horretaz gain, diskurtsoak sortzeko duen indarra ere arriskutsua iruditzen zaio: “Argaltzeko ilusio hori jada txertatuta dago gizartean. Hortaz, gero frogatzen bada ere farmako horiek ez direla hain onak, jendeak jarraituko du kontsumitzen, edo eragin hori bera duten beste batzuk bilatuko ditu. Azken finean, lehendik ere bazeuden argaltzeko botika pila bat. Kontua da hauek eraginkorragoak direla, itxura batean”. Hortaz, emakumeen burujabetza babestuko duten diskurtsoak sortzea proposatu du.

Genero-rolak

Genero-bereizkeriaren mataza berean korapilatzen dira emakumeei zuzendutako beste hainbat produktu eta zerbitzu. Denetan, estrategia da emakumeei sinetsaraztea haien beharra dutela, osasun hobea izango dutela, eta hobeto beteko dutela gizartean dagokien funtzioa. Adibide argiak dira produktu menstrualak eta hilekoari jarraipena egiteko aplikazioak, lagundutako ugalketaren ingurukoak, formula-esnea eta menopausiaren garaikoak.

Adibidez, formula-esnearen industriak iruzurra erabiltzen du ama izan berriek pentsa dezaten haien produktuak hobeak direla jaioberrientzat bularreko esnea baino. Azken urteotan erabiltzen duen estrategietako bat da klubak sortzea sare sozialetan, ama izan berriei aholkua eta laguntza emateko aitzakiarekin.

Emakume helduagoen kasuan, berriz, menopausia, tabu izatetik, negozio-aukera izatera igaro da. British Medical Journal aldizkariak (BMJ) editorialean azaldu duenez, menopausiari lotuta zuzenean kontsumitzaileari eskaintzen zaizkion zerbitzu gehienak alferrikakoak dira eta ez dute zaintza hobetzen. Bereziki aipatzen ditu test hormonalak, hormona-terapia pertsonalizatuak eta gehigarriak. Oinarri zientifikorik ez izateaz gain, arriskutsuak ere izan daitezkeela ohartarazi du; besteak beste, minbizia ere sor dezakete.

«menopausiari lotuta eskaintzen diren zerbitzu gehienak alferrikakoak dira eta ez dute zaintza hobetzen»

Gizonak ere ez dira rolak betetzeko presiotik kanpo geratzen, eta haientzat ere eskaintza berezia du hormonen merkatuak, gazteentzat zein adinekoentzat. Haiei bideratutako mezuetan ere osasuna da aitzakietako bat, baina, emakumeetan bezala, osasunerako kaltegarriak direla jakinarazi dute ikertzaileek. Hala, medikuen kontroletik kanpo hartutako testoterona-gehigarriek arazo kardiobaskularrak eta gibeleko eta prostatako minbizia izateko arriskua areagotzen dute.

Kapitalismoa, patogeno sistemikoa

Joan Benach de Rovira Pompeu Fabrako Osasun Desberdintasunei buruzko Ikerketa Taldearen zuzendaria da, besteak beste, eta urteak daramatza auzia ikertzen eta aurre egiteko politikak lantzen. Osasunaren baldintzatzaile komertzial baino egokiagoa iruditzen zaio baldintzatzaile politiko deitzea, edo, are gehiago, baldintzatzaile ekosozial.

Joan Benach

Joan Benach de Rovira, osasun-desberdintasunei buruzko ikertzailea. Arg: Pompeu Fabra Unibersitatea


Horrela definitzen ditu baldintzatzaile ekosozialak, hitzez hitz: “korporazio handiek eta kapital globalak kapitalismoaren esparruan etekinak sortzeko erabiltzen dituzten estrategia, prozesu, produktu eta esku-hartzeak dira. Jarduera horiek, askotan, ondorio kaltegarriak dituzte herritarren osasunean eta ingurumenean. Baldintzatzaile ekosozialak botere-harremanen emaitza dira, eta, horiei esker, elite korporatibo batek —azken batean, munduko herrialde eta klase aberatsenek— irabaziak lortzen ditu gehiengoaren osasunaren eta bizitzaren kontura, eta, bereziki, sektore pobretuenen eta ahulenen kontura”.

«Baldintzatzaile ekosozialak botere-harremanen emaitza dira»

Haren esanean, aipatutako industriez harago doa auzia. Hala, “patogeno sistemikotzat” du kapitalismoaren egungo fase neoliberala, eta hiru adibide jarri ditu: etxebizitzaren eta lanaren merkantilizazioa, zeinak prekarietatea sortzen duen, ongizate fisiko eta mentalaren kaltetan; krisi klimatikoa eta ekosoziala, estraktibismoan eta ondorioen kanporatzean oinarritua; eta osasunaren merkantilizazioa eta medikalizazioa.

Bizitzaren aldeko politikak

Benachen arabera, baldintzatzaile ekosozialen eraginari aurre egiteko, ez dira nahikoak hezkuntza- edo kontzientziazio-kanpainak: “botere-egituretan eragin behar da”. Politika publiko eta komunitario erradikalak bultzatzea babesten du, “bizitzaren, osasunaren eta justizia sozialaren alde”. Haren helburua da boterea orekatzea, gizakion eta ekosistemen aldekoak izateko, eta ez kapitalaren metaketa pribatuaren aldekoak.

Hori lortzea urrun ikusten bada ere, uste du har daitezkeela berehalako neurriak, osasun publikoa indartzeko interes korporatiboen aurrean. Lehentasunezko neurri horien artean, hasteko, ekoizpenaren, banaketaren eta kontsumoaren kontrol demokratikoa eskuratzea proposatu du, lobby korporatiboei neurri zorrotzak jarriz. Horrekin batera, zerga-­sistema progresiboaren aldekoa da, ondasun handien gaineko zergekin zerbitzu publiko unibertsalak ordaintzeko: osasuna, hezkuntza eta etxebizitza.

Halaber, lana, etxebizitza, osasuna, zaintza, elikadura, ura eta sendagaiak desmerkantilizatzea proposatzen du, eta ekonomia sozial eta elkartasunezkoa bultzatzea, ingurumenaren eta pertsonen onura bultzatzen duten kooperatibak eta enpresa komunitarioak sustatuz. Horretaz gain, lehentasuna ematea osasunari eta ekitateari sektore guztietan (lana, ekonomia, ingurumena, garraioa), eta ikerketa zientifiko independentea sustatzea, diru publikoz ordaindua, lan prekarioaren, kutsaduraren edo farmakoen gehiegizko kontsumoaren ondorioak argitzeko, besteak beste.

Bukatzeko, komunitateak ahalduntzea proposatu du Benachek, herritarren mugimenduak indartuz, korporazioen botereari aurre egiteko eta bizitzen aldeko politikak bermatzeko.

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Mundu mailan prebeni daitezkeen heriotzen heren baten eragileak lau industria dira: erregai fosilak, alkohola, tabakoa eta elikagai ultraprozesatuak. ARG.: Luis Louro/Shutterstock.com.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali