Mendiek montzoiak sortzen dituzte
2001/05/04 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Egindako azken ikerketen arabera, montzoiak pixkanaka sortu ziren, orain dela 8-10 milioi urte lautadaren gorakada izugarri handi baten eta 3,6-2,6 milioi urte izandako beste gorakada txikiago baten ondorioz. Ikerketa horiek Estatu Batuetako eta Txinako klimatologoek eta geologoek egin dituzte, azken 10 milioi urteetako Asiako klimaren aztarnak eta mugimendu tektonikoen erregistroak aztertuz.
Gaur egun, kontinenteko klima agintzen duten montzoiak Himalaiako mendiek inguratzen duten lautadak zuzentzen ditu. Udan, lautada tibetarra atmosferara erdi irekitako labe bat da. Lautadaren gaineko aire beroa Indiako Ozeanotik sartzen den haize hezearekin nahasten da. Horrela sortzen dira udako montzoi-euriteak. Neguan, alderantziz gertatzen da; lautadak izotz-puska ikaragarri handi batek bezala jokatzen du, gaineko airea hozten du eta abiada handiz beherantz bidaltzen du, Indiako Ozeanoaren aldera.
Lautada eratu aurretik, Asiako klimak ez zuen horrelako gorabeherarik. Seguruenik, hegoaldean beroa eta hezea zen eta iparralderantz, gutxika-gutxika, hotzagoa eta lehorragoa egiten zen.
Indiako Ozeanoan, Ozeano Barean eta Txinan aztertutako sedimentuek orain dela 8-10 eta 3,6-2,6 milioi urte montzoi-haizeak indartu egin zirela erakusten dute. Adibidez, itsasoko fosil zelulabakarrek montzoiek ozeanoko elikagaietan izandako eraginaren arrastoa gordetzen dute.
Hala ere, beren teoria egiaztatzeko azterketa gehiago egin behar dituzte, aztertutako erregistro geologikoak oso mugatuak direlako. Dena dela, ikertzaileek bide zuzenetik doazela uste dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia