Memoriaren mapa
2003/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ikertzaile batzuk erdiko lobulu tenporalaren mapa osatzen ari dira. Izan ere, garunaren zati horrek zerikusi handia du memoriarekin, baina hura aztertzea ez da batere erraza, bere baitan bilduta baitago. Hori dela eta, erresonantzia magnetiko funtzionalaren bidez ezin dira gune garrantzitsu batzuk ikusi.
Baina Kaliforniako ikertzaile batzuek arazoa gainditzea lortu dute: munduko bolak mapa lau bihurtzeko matematikariek erabiltzen duten metodoaren antzeko batekin, erdiko lobulu tenporalaren mapa egin eta guneen arteko mugak ikustea lortu dute.
Ikerketa Science aldizkarian argitaratu dute eta, horren arabera, datuak memorian gordetzean, erdiko lobulu tenporalaren zati batean, hipokanpoan, hiru guneren jarduera areagotu egiten da. Datuak berreskuratzean, berriz, jarduera hipokanpoaren beste gune batean areagotzen dela ikusi dute. Hau da, memorian datuak gordetzeko eta gogoratzeko garaian, erdiko lobulu tenporalak lanak banatu egiten dituela ikusi dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia