}

Medikuntzan bide berriak ireki ditzaketen garraiatzaileak

2001/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zelularen mintzak ez die kanpoko substantziei zelulan sartzen utzi behar, ez eta barrukoei kanporatzen utzi ere. Soilik substantzia zehatzen garraioa ahalbidetu dezake, eta, horretarako, substantziari mintza zeharkatzen lagunduko dioten garraiatzaileak erabili beharko ditu. Bakterio, landare zein gizakiek, denek erabiltzen dituzte ABC garraiatzaileak lan horretarako.

Geoffrey Chang ikertzaileak garraiatzaile horien egitura tridimentsionala aztertu du X izpien teknika erabilita eta Science aldizkarian argitaratu dute horren berri. Lan horrek minbiziaren eta antibiotikoekiko erresistenteak diren bakterioen kontrako borrokan lagun dezake.

Une honetan antibiotikoekiko erresistentzia lortu duten bakterioak dira osasun-arazo larrienetako bat. Azken finean, infekzioa antibiotikoekin tratatzen dugunean, bakterioek, horrelako garraiatzaileak sortuz, haien barrura sartu diren antibiotikoak kanporatuko baitituzte. Hortaz, antibiotikoak ez ditu hilko. Hala ere, bakterioak ez dira hori egiten duten bakarrak; berdin gertatzen da zelula kantzerigenoekin, bide bera erabiliz kanporatzen baitituzte beraiek hiltzeko erabiltzen ditugun drogak.

Azken finean, arazoa ez da antibiotiko edo droga indartsurik ez izatea, hil nahi dugun zelulan sartu arren, zelulak berak kanporatu egiten dituela baizik. Beste tratamenduen garapena ahalbidetuko du horrek, antibiotiko eta agente kimioterapikoekin batera hartuko diren botika berriak sor baitaitezke, aurrekoen sarrera eta eraginkortasuna handitzearren.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia