Mary E. Brunkow, Fred Ramsdell eta Shimon Sakaguchi ikertzaileek jasoko dute 2025eko Fisiologia edo Medikuntzako Nobel Saria, “tolerantzia immunologiko periferikoan egindako aurkikuntzengatik".
Nobel Akademiak azaldu duenez, gorputzaren immunitate-sistemak kontrol zorrotza dauka, norberaren molekulak eta arrotzak bereizteko, eta, hala, organo eta zelula osasuntsuei eraso egitea saihesteko. Mary E. Brunkowek, Fred Ramsdellek eta Shimon Sakaguchik kontrol horrek nola funtzionatzen duen argitu zuten. Hain zuzen, immunitate-sistemaren segurtasun-zaindariak identifikatu zituzten: T zelula erregulatzaileak.
Nobel Batzordeko presidentearen hitzetan, “haien aurkikuntzak erabakigarriak izan dira ulertzeko nola funtzionatzen duen immunitate-sistemak eta zergatik denok ez ditugun garatzen gaixotasun autoimmune larriak”. Aurkikuntza horietan oinarrituta, bide berriak ari dira probatzen, minbizien tratamenduan, gaixotasun autoimmuneenetan, eta transplanteetan.
T zelula erregulatzaileak
Funtsezko lehen aurkikuntza Shimon Sakaguchik egin zuen, 1995ean. Ordura arte, ikertzaileek uste zuten hau zela tolerantzia immunologikoaren gakoa: T zelulak sortzen direnean, timoan, kontrol-mekanismo bat jasaten dute, eta suntsitu egiten dira norberaren molekulentzat kaltegarriak direnak. Mekanismo horri tolerantzia zentrala deitzen zaio horri.
«Immunitate-sistemaren segurtasun-zaindariak identifikatu zituzten»
Sakaguchik sistema askoz ere konplexuagoa dela erakutsi zuen, saguetan egindako esperimentuei esker. T zelulen mota bat baino gehiago daudela frogatu zuen; tartean, T zelula erregulatzaileak. Haien ardura da bereiztea zer molekulekiko erantzun behar duen immunitate-sistemak, eta gorputza gaixotasun autoimmuneetatik babestea.
Elkarri lotutako aurkikuntzak
Mary Brunkowek eta Fred Ramsdellek 2001ean egin zuten funtsezko beste aurkikuntza. Haiek ere sagu batzuk ikertu zituzten: sagu ezkatadunak. Mota horretako sagu arrek gaixotasun autoimmune bat garatzen zuten, eta jaio eta egun gutxitara hiltzen ziren. Nonbait, mutazio bat zuten X kromosoman. Mary Brunkowek eta Fred Ramsdellek aurkitu zuten mutazio hori: Foxp3 izena jarri zioten. Gainera, gizakiok ere gene horren baliokidea dugula, eta haren mutazioak gaixotasun autoimmune larri bat eragiten duela ere frogatu zuten. IPEX sindromea izena du.
Bi urte geroago, Shimon Sakaguchik aurkikuntza hori bere ikerketarekin lotzeko gai izan zen: ikusi zuen Foxp3 genea dela 1995ean berak identifikatu zituen zelulen garapena kontrolatzen duena.
Galarraga Aiestaran, Ana
Elhuyar Zientzia