}

Medikuntzako Nobel saria, immunitate-sistema ikertu dutenentzat

2011/10/03 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Hiru ikertzaileri emango diete aurten Fisiologiako edo Medikuntzako Nobel saria: sariaren erdia Bruce A. Beutler eta Jules A. Hoffmann ikertzaileek jasoko dute, berezko immunitatearen aktibazioan egindako aurkikuntzengatik, eta beste erdia, Ralph M. Steinmanek, zelula dendritikoak eta hartutako immunitatean duten funtzioa aurkitzeagatik.

OHARRA (15:30): Rockefeller Unibertsitateak jakinarazi du Ralph M. Steinman irailaren 30ean hil zela, eta sendiak gaur eman diola heriotzaren berri unibertsitateari. Duela lau urte pankrea-minbizia detektatu zioten, eta Steinmanek berak diseinatutako terapia bati esker iraun du bizirik orain arte. Terapia hori zelula dendritikoetan oinarrituta dago, hain zuzen ere, Nobela irabazteko balio izan dion aurkikuntzan. Nobel Fundazioak saria iragarri ondoren jakin du heriotzaren berri.

(20:00) Nobel Fundazioak Steinmani saria ematea erabaki du.

………………………………………………………………

Nobel Fundazioak bere webgune ofizialean jakinarazi du Kalorinska Institutuak hartutako erabakia. Han azaldu duenez, saritutako hiru ikertzaileen lana "funtsezkoa" izan da immunitate-sistema ulertzeko.

Hain zuzen ere, gaur egun jakina da pertsonek eta animaliek bi eratako immunitatea dutela bakterioetatik eta beste mikroorganismoetatik babesteko: berezko immunitatea eta hartutakoa. Bada, Beutlerrek eta Hoffmannek berezko immunitatea aktibatzeko oinarrizko mekanismoak aurkitu zituzten. Steinmanek, berriz, hartutako immunitatean gako diren zelula dendritikoak identifikatu zituen eta haien funtzioa ikertu zuen.

Haien aurkikuntzei esker, gaixotasunak prebenitzeko eta tratatzeko bide berriak garatu direla nabarmendu du Karolinska Institutuak. Adibidetzat jarri ditu infekzioetatik babesteko txerto hobetuak, eta tumoreen aurka immunitate-sistema suspertzen duten metodoak.

Hoffman eta Beutler, sariaren lehen erdiaren irabazleak

Hoffmannek eta Beutlerrek sariaren erdia elkarrekin jasoko badute ere, lana ez zuten batera egin.

Jules Hoffmannek 1996an egin zuen saria ekarri dion aurkikuntza. Fruta-euliak infekzioetatik nola babesten diren ikertzen ari zen; mutatutako euliak ziren, eta haietako batzuek enbrioiaren garapenean parte hartzen duen genen bat zuten mutatuta, Toll genea. Euli horiek infektatu zituenean, ikusi zuen euliak ez zirela gai babesteko mekanismoak martxan jartzeko. Hala jakin zuen gene hori gakoa dela immunitate-sisteman. Gerora, frogatu zuen Toll geneak ekoizten duen proteinak patogenoen identifikazioan parte hartzen duela, eta hura aktibatzea ezinbestekoa dela haien aurkako defentsaren lehen lerroa eraikitzeko.

Bruce Beutlerrek bi urte geroago, 1998an, egin zuen saria emateko erabakigarria izan den aurkikuntza. Shock septikoa eragiten duen LPSaren errezeptorea ikertzen ari zen. LPSa bakterio batzuek sortzen duten produktu bat da, eta immunitate-sistemak neurriz kanpo erantzutea eragiten du; horren ondorioz sortzen da shock septikoa.

Beutler konturatu zen LPSarekiko erresistenteak ziren saguek mutazio bat zutela gene jakin batean, eta gene hori Toll genearen oso antzekoa zela. Bada, hain zuzen, gene horren proteina zen bilatzen zuten LPSaren errezeptorea. LPSra lotzean, hantura eragiten duten seinaleak sortzen dira, eta LPS asko dagoenean, shock septikoa agertzen da. 

Aurkikuntza horren bidez frogatu zuten berezko immunitatea antzekoa zela intsektuetan eta ugaztunetan. Horrez gain, atea ireki zien berezko immunitatea aztertzeko ikerketa askori.

Steinman, beste erdiaren irabazlea

Ralph Steinmanek beste biek baino lehenago egin zuen Nobel sarietan aitortzen dioten ikerketa. Hain zuzen, 1973an identifikatu zuen zelula dendritikoa. Immunitate-sistemarentzat garrantzitsua izan zitekeela susmatu zuen, eta, bai, zuzen zebilen, zelula dendritikoek T zelulak aktibatzen dituztela frogatu baitzuen. T zelulek substantzia askoren aurkako memoria garatzen dute, eta funtsezkoak dira hartutako immunitatean. Hortaz, Steinmanen ikerketa gakoa izan da immunitate-mota hori ulertzeko, eta horregatik emango diote Nobel sariaren erdia.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia