Medikuntzaz hitz egiten hasi aurretik, argitu behar dugu sexua eta generoa ez direla gauza bera. Sexuaz ari garenean, ezaugarri biologikoez ari gara. Generoa, berriz, eraikuntza sozial bat da. Medikuntzak biak hartu beharko lituzke kontuan, ezta?
Bai, noski. Sexuak gure osasunean duen eragina argia da, biologikoki sintomatologia eta gaixotasunak pairatzeko probabilitate desberdina izan ditzakegulako. Baina generoak gure jokaera moldatzen du: esaterako, medikura gehiago edo gutxiago joatea, edo sintomak nola somatzen ditugun generoaren araberakoa da, askotan.
Hitz egin dezagun sexuaz, biologiaz. Gizonezkoek eta emakumezkoek gaixotasun desberdinak pairatzen ditugu? Gaixotasunak, tratamenduak, diagnostikoak…
Gaixotasun desberdinak izaten ditugu, batetik, organo batzuk desberdinak direlako. Bestalde, gaixotasun batzuk pairatzeko probabilitatea edo maiztasuna ere alda daiteke. Baita gaixotasun bera denean ere, sintomatologia desberdina izan daiteke bi sexuetan. Biologiak eragiten dituen desberdintasun hauek guztiak oso kontutan izan behar ditugu bai sintomatologia ulertzeko, diagnostikorako eta, noski, tratamendurako. Tratamenduari nola erantzuten diogun ere desberdina izango baita.
Eta generoak nola eragiten du osasunean?
Gure portaeran eragiten duten hainbat ezaugarri dira generoa. Adibidez, emakumeok normalean gutxiago kexatzen gara. Azken finean, ardura asko izaten ditugu, eta aurrera egiten dugu gure sintomei garrantzia eman gabe. Normalean, medikura joaterako denbora gehiago pasatzen da, eta askotan, gure gaixotasuna dago beste fase batean. Honek eragin handia du tratamenduan, baita sendatzeko aukeran. Baina beste modu askotan ere baldintzatzen gaitu generoak: sintomak nola adierazten ditugun, edo zer sumatzen dugun sintoma moduan eta zer ez. Hori ere generoaren araberakoa da.
Medikuntzak neutroa izan beharko luke, baina hala da?
Ez da batere neutroa. Medikuntza androzentrikoa da oraindik, hau da, gizonezkoen ikuspegiak inplikazio bat izango du. Azkenean, tradizionalki gizonezkoek egin duten zientzia bat izan da, gizona hartuz eredu moduan. Ondorioz, haiek pazienteen sintomak nola entzuten dituzten ere baldintzatua izango da.
Jakina da gaixotasun batzuk emakumeetan gutxi eta gaizki diagnostikatzen direla. Eta, paradoxikoki, botika gehiago ematen zaiela. Alborapen horiek datuetan ikusten dira, ezta?
Hori neurtuta dago, bai. Adibidez, miokardioko infartuan sintomatologia ezberdina da gizonezkoetan eta emakumezkoetan. Zer gertatzen da emakumeen kasuan? Emakume askok ez dituzte sintoma horiek ezagutzen infartu baten sintomak bezala. Ez gara medikura joango hori esanez. Eta medikuarengana joanda ere, mediku batzuek oraindik ez dituzte sintoma horiek identifikatzen infartuarekin. Infartu bat tratatu beharrean, antsietaterako pilulak ematen dizkigute. Beraz, diagnostiko okerra jasotzen dugu, eta, gainera, botika desegokiak. Hau da, ez dugu behar dugun tratamendu egokia jaso, eta, gainera, alferrikako farmakoak hartzen ari gara. Hori adibide paradigmatiko bat da, eta hor ditugu datuak, zifrekin, hori adierazten dutenak.
Ikerketa zientifikoan bertan ere oraindik gertatzen da alborapena?
Zoritxarrez, bai. Gaur egun, egia da animaliekin esperimentazioa egitean, legez derrigorrezkoa da animalia arrak zein emeak sartzea. Egia da hasi garela emeak ere aztertzen. Baina, askotan, nahiz eta emeak izan, ez ditugu emaitzak sexuaren arabera aztertzen, ez ditugu sexuaren aldagaiaren arabera banatzen. Beraz, alferrik da. Sexuarekin azaltzen den aldaera bat baldin badugu, ez dugu hautemango.
Edo, emeak ikerketan sartuta ere, ez dugu kontuan izaten zikloaren zein momentutan dauden tratamenduak hasterakoan. Eta ikusi dugu hori oso garrantzitsua dela emakumeetan. Bularreko minbizian frogatu da emakumeek oso desberdin erantzuten dutela zikloaren momentuaren arabera, tratamenduari dagokionez. Hau da, tratamendua fase luteoan hartzen badute, hobeto erantzuten dute. Orduan, ikusten dugu, bizitzak salbatzeko ere, zikloa kontuan hartzea garrantzitsua dela. Ez bada ikerketan eta fase aurreklinikoan kontuan hartzen, ezin da espero geroko faseetan hartuko denik, tratamendutan.
Beraz, legez behartuta egonda ere, ez dira modu egokian lantzen emaitzak. Harrigarria dela esan daiteke, gutxienez.
Bai, hala da. Legeak eskatuta egiten da, baina ez da ondorio esanguratsurik ateratzen. Alzheimerraren kasuan, adibidez, orain arte beti arrak erabili izan dira. Orain, hasi garenean emeak sartzen, konturatu gara ereduak ez duela balio, edo sintomatologia desberdina dela. Beraz alborapen bat dauka. Arrentzat balio dute, baina emeentzat ez.
Pentsatu behar da nola irudikatu, nola sortu eredu berri bat, emakumeen kasuistika ere jasoko duena.
Zer ondorioak ditu horrek?
Ondorio errealak dira emakumeok ez ditugula jasotzen behar ditugun farmakoak, ez ditugula behar den dosia jasotzen. Bestetik, farmakoen albo-ondorioak, gure kasuan, askoz larriagoak izan ohi dira, eta maizago gertatzen dira albo-ondorio horiek. Gainera, farmako horiek ez dira hain eraginkorrak orokorrean. Medikuntzak gizon-itxura dauka, beraz.
Gaur ezagutzen ari garen praktika txar horiek guztiak konpontzeko, medikuntza-fakultateetan eragiten egiten hasi behar da, ezta?
Hori da. Hezkuntzatik hasi behar gara, formakuntzatik, medikuak izango diren horiek jakin beharko dutelako dagoen arazo larri hau. Praktika txar horiek eteteko, mediku berriek jakin beharko dute sexua eta generoa oso garrantzitsuak direla medikuntzan.
Konpontzeko lanetan ari zarete Europako hainbat medikuntza-fakultatetan. Tartean EHUko Medikuntza Fakultatea.
ENLIGHT programaren barruan elkartu gara Europa mailako hainbat unibertsitatetako taldeak, ikerketan eta irakaskuntzan aritzen garen emakumeak. Batez ere, emakumeak gara, bai. Bakoitzak arlo desberdin batean egiten du lan, baina konturatu gara arazo maila guztietan gertatzen dela, irakaskuntzatik hasita, eta praktika klinikoan zein politiketan. Beraz, sare bat sortu dugu. Abiatzeko, egoeraren diagnostiko zehatz bat egiteko. Baliabideak eta konponbideak bilatzen ari gara, unibertsitatean ezartzeko irakasteko modu berri hau.
Aldaketaren hazia ereiten ari zarete. Egoera antzekoa da Europako herrialde horietan guztietan, edo aldea dago?
Zoritxarrez, mundu-mailan gertatzen den gauza bat da. Ikuspuntu patriarkal horrek herrialde guztietako jendea zeharkatzen du. Ekimen honen berezitasunetako bat da unibertsitatez kanpoko alor akademikoan ez dauden emakumeek ere parte hartzen dutela helburu hori lortzeko lan egiten. Bai, azkenean, gu akademian, unibertsitatean, lan egin dezakegu edo hezkuntzan lan egin dezakegu, baina eguneroko esperientziak behar ditugu. Ez soilik gureak, baizik eta beste emakumeenak. Emakume-taldeekin lan egiteak ekartzen digun onura edo aberastasuna izango da euren esperientziak entzungo ditugula. Gero eta esperientzia gehiago izan, orduan eta diagnostiko hobe bat izango dugu. Eurek ere konponbidearen agente aktiboak izango dira, eta, azkenean, denon ardura da.
Generoaren eta sexuaren aldagaiak medikuntzan txertatzeko kezka hau zabalduta dago medikuntzan oro har?
Zoritxarrez, ez. Badakigu gizarte patriarkal honetan normaltasuna apurtzea beti kostatzen dela, ez dela gustukoa status quo hori aldatzea. Erresistentziak aurkitzen ditugu, batez ere gizonezkoetan, bat-batean ikusten dutelako beren lana egiteko modua aldatu behar dutela, eta ekuazioetan sartu behar gaituztela. Eta, normalean, lan gehiegi dela pentsatzen dute, edo ez duela hainbesteko garrantzirik. Baina populazioaren erdiarentzat hil ala biziko kontu bat da.
Bego Zubia Gallastegi
Elhuyar Zientzia







