Material plastikoaz gain, magnetikoa
2004/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gaur egun, polimeroek ordezkatu dituzte metalak aplikazio askotan. Aldaketa horren ondorioz, oso pieza arinak eta erresistenteak garatu dira. Dena dela, ingeniariek ezin dute metala kasu guztietan ordezkatu, polimeroek ezin baitituzte bete haren funtzio guzti-guztiak. Esate baterako, propietate magnetikoak dituen polimerorik ez dago merkatuan. Hala ere, laster egoteko bidean daude; Ingalaterrako fisikari batzuek lortu dute lehen polimero magnetiko erabilgarria.
Ez da horrelako material bat sortzen den lehen aldia, baina orain artekoak ez ziren batere praktikoak, -263 †C-tik gora oso eremu magnetiko ahulak eragiten baitituzte.
Arazo horiek kontuan hartuta, Ingalaterrako fisikariek bi osagai nahastu zituzten material berria sortzeko: eroale elektrikoa den polimero bat eta erradikal askeak erraz sortzen dituen beste substantzia bat. Nahasteak metalek baino magnetismo ahulagoa du, baina osagaien proportzioa eta sintesi-prozesua hobetuta emaitza hobetzea espero dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia