Matematikak giltzurrunen zerbitzura
2001/02/27 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Azkeneko hamarkadan, Bruce Pitman matematikaria bietan jardun da, industria-mailan diseinu handiak egiteaz gain, nefrona aztertu baitu, hau da, 20 mikroietako giltzurrunetako unitate funtzionala. Beste ikerlari batzuekin elkarlanean, eredu matematikoak erabili ditu giltzurrunen funtzionamendua ulertzeko.
Giza gorputzean milioi bat nefrona inguru dago giltzurrun bakoitzean. Horiek gorputzak behar dituen ura, gatzak eta potasioa iragazten dute eta urea eta gainerako hondakinak txizaren bitartez kanpora daitezen uzten ditu.
Abere osasuntsuetan nefronen lana ulertuz gero, giltzurruneko gaixotasunen jatorria eta sendabidea zein den jakitea errazagoa izango da. Horretarako, fisiologia eta fluidoen dinamikan oinarrituta, eredu informatiko zehatzak egin dituzte nefronetara egokituz.
Odol-presio arrunta duten animaliekin egindako saiakeretan, fluidoen presioa aldaketarik gabe mantentzen da nefronan. Baina presio altua duten animalietan askoz aldakorragoa da. Gainera, aldaketa horiek gorputzetik gatz-kantitate handia datorrenean gertatzen direla ikusi dute. Beraz, odol-presioa, gatz-kantitatea eta fluidoen dinamika erlazionatuta daudela frogatu dute.
Ekuazioak egokitzeko aldagai guztiak izan behar dituzte kontuan, beraz, saiakerak eta ondorengo eredu informatikoaren doikuntzak egiten jarraitu beharko dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia