}

Maskota sendagarriak

2000/06/04 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Botika onenek ez dute beti pilula-itxura izaten; azkenaldian iletsuak ere badira eta hankak, hegoak, edo hegatsak eduki ohi dituzte. Zientzialari askoren ustez, gaixotasunei aurre egiteko modurik onenetakoa maskotak edukitzea da. Horregatik, azken urteotan animalietan oinarritutako terapiak ari dira garatzen: autistei laguntzeko, bihotzeko arazoak dutenak lasaitzeko, hiesdunen ondoan egoteko, eta, oro har, marginatuei laguntza emateko.

Medikuntzaren historian agertzen denez, maskotak terapietan laguntzeko 1792. urtean eta Ingalaterran erabili ziren lehenengoz. Willian Tuke sendagileak txakurrak erabili zituen eroetxeetan zeuden gaixoei autokontrola irakasteko. Gerora, 1867. urtean, Alemanian antzeko esperientziak egin ziren epileptikoekin, 1944.ean Estatu Batuetako Gurutze Gorriko ospitaleetan…. 1960. urtean Boris Levinson psikiatrak animaliak terapian erabiltzearen onurak azaldu zituen. Sendagile horrek haurrekin lan egiten zuen. Kontsultan sartzean, haurrek Levinson doktorea eta Gingles bere txakurra aurkitzen zituzten. Oso lotsatiak eta itxiak ziren haurren kasuetan, Gingles-ek zubi-lana egiten zuen, psikiatraren eta haurraren arteko komunikazioa errazten zuen.

1960ko hamarkadatik aurrera, gizakien osasunean animaliek izan zezaketen eraginari buruzko ikerketa asko egin ziren. Ordutik onura fisikoak -presio arteriala gutxitzen da, giharrak gogortzen dira…-, burukoak -antsietatea eta estresa gutxitzen dira, umorea hobetzen da…- eta sozialak antzeman izan dira -besteekiko harremana hobetzen da-. Terapietan erabiltzen diren animaliak ospitalearenak izan daitezke,

gaixoarenak berarenak, edo, beste barik, bere maskotak uzteko prest dagoen borondate oneko jendearenak. Adituen arabera, txakurra maskotarik egokiena da, ikasi eta aginduak betetzera iristen omen delako. Hala eta guztiz ere, terapietan erabili izan dira beste maskota batzuk: katuak, txoriak, dordokak, untxiak eta izurdeak.

New York-eko Buffalo Unibertsitateko Karen Allen doktorea maskotek eta musikak pertsonarengan duten eragina ikertzen ari da. Berak ondorioztatu ahal izan duenez, maskotak estresa gutxitzen eta presio arteriala egoki edukitzen laguntzen dute. Allen-ek dioenez, gaixoei hitzaldiak emateko edo kalkuluak egiteko eskatzen dienean, presio arteriala nabarmen igotzen zaie ondoan dagoena bere bikotekidea edo laguna bada; ondoan dagoena txakurra edo katua denean, aldiz, presio arteriala ez omen zaie aldatzen. "Uste dugu -zioen Allen doktoreak- hori gertatzen dela animaliek iritzirik ematen ez dutelako, baina, horretarako, ezinbestekoa da animaliarekin harremana izatea eta animalia maitatzea, ez dadila apaingarri hutsa izan". Ikerlariaren aburuz jabearen osasuna hobetzeko orduan animalia-espezie bat bestea baino hobea den esan ahal izateko goizegi da oraindik.

Maskotak hiesaren aurrean

"Berdin da zer animalia duzun, ken ezazu!". Hori izan da gaixotasun inmunologikoren bat duten gaixoei sendagileek urteetan bota dietena. Izan ere, abereek 200 gaixotasunetik gora transmiti ditzakete. Horrek, dena den, ez du esan nahi maskota etxetik bidali behar denik. HIESa edo gaixotasun inmunologikoren bat dutenak sarritan baztertu eta bakartu egiten ditu gizarteak. Horrelako jendearentzat, alboan lagunen bat izatea, maskotaren bat adibidez, funtsezkoa izan daiteke zoriontsuago izateko. Infekzio-arriskua ahaztu ezin denez, arriskua gutxitzeko aholkuak eman daitezke:

  • Eskuak maiz garbitu.
  • Maskotaren tokia eta maskota bera garbi eduki itzazu.
  • Alergia-arriskua badago, maskotaren ilea motz egon dadila.
  • Ahal dela, sukalde inguruan ez daitezela ibil. Ezin bada, desinfektagarriak erabili.
  • Maskotaren fluidoak -txiza, kaka, ziztua…- ez uki. Garbitzeko eskularruak jantzi edo beste norbaitek garbi ditzala.
  • Animaliaren azazkalak garbi egon daitezela.
  • Haginkadak berehala garbitu eta sendagilearengana joan.
  • Gutxienez urtean behin albaitariarengana eraman.
  • Animaliendako janaria erabili soilik.
  • Ez daitezela zaborretan ibil.

Izurdeak: uretako psikiatrak

Orain artekoa irakurri eta gero, baliteke norbaitek pentsatzea esandakoak txakurrentzat edo katuentzat balio duela bakarrik, baina beste animalia askorentzat ere balio du. Horietako berezienetako bat izurdea da.

Izurdeekin lanean ari diren askok diotenez, animalia hauek gizakien minusbaliotasunez edo trauma fisikoez ohartzeko gai dira. Nola egin dezakete? Ikerketa medikoetan lanean ari diren zientzialarien ustez, izurdeak berezko sonarra dute, bere sentikortasunarekin zer ikusia izan dezaketen soinu-uhinak bidaltzen eta jasotzen omen dituzte. 1989. urtetik Florida Estatuko Aqua Thought fundazioa (http://www.aquathought.com) pertsonen eta izurdien arteko harremana ikertzen ari da. Zehatzago esateko, pertsonak izurdiekin harremanetan jartzean gertatzen diren aldaketa psikologikoak, neurologikoak eta inmunologikoak ikertzen ari da. Elektroentzefalogramak egin izan dira, eta animalia horiekin uretan egonda pertsonen burmuinean aldaketak aurkitu izan dira. Prozesouak ez dira ondo ezagutzen, baina hipotesia bada: izurdeekin batera igeri egitean pertsonaren sistema inmunologikoa indartu egiten da, neurotransmisoreen produkzio-zikloari eragiten dio eta aldaketa hormonalak gertatzen dira. Uste denez, izurdeek igortzen dituzten uhinen ondorioz, zeluletako mintzetan aldaketak gertatzen dira. Horregatik izurdeak minusbaliotasuna duten haurrei, autistei eta Down-en sindromea dutenei laguntzeko erabili izan dira. Ikerketa-lerro horri guztiari delfinoterapia deitzen zaio, eta badirudi etorkizuna izan dezakeela.

Pertsona gutxi izango da izurdea ikuste hutsarekin pozten ez dena. Konfidantza, gertutasuna, adiskidetasuna… dariela dirudi. Izurdeen mundua oraindik ezezaguna bada ere, dagoeneko gauza batzuk jakinekoak dira. Adibidez, oso eboluzionatuak daude eta adimen handikoak dira. Ultrasoinuez baliatzen dira mugitzeko, aurrean dutena ezagutzeko, edo materiaren barrualdera "begiratzeko". Oso garatua dute ukimenaren zentzua, keinuen hizkuntza ikas dezakete… eta, hala ere, izurde-arrantzan aritzea beste helbururik ez duten gizakiak egon badira.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia