Martin Guzman: fakultatearen eratzailea
2000/09/01 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Kimika Fakultatearen historiaz hitz egitean, nahitaez Martin Guzman-i buruz hitz egin behar da, hura izan baitzen fakultateko lehen dekanoa, fakultatea egituratu eta berak uste zuen bezala antolatu zuena.
Gipuzkoako fakultate gehienak modu arraro samarrean sortutakoak dira, eta kimikakoa horretan ez da salbuespen. 1968-69 urteen bueltan Gipuzkoako Merkataritza Ganberak Matra 6 enpresari etorkizunean Gipuzkoan zein arlotako enpresak beharko ziren aztertzeko enkargua egin zion. Mikroelektronika, petrokimika... azterketan agertu ziren. Hori ikusita, Merkataritza Ganberak batzordea eratu zuen Petrokimikako Goi Mailako Eskola sortzeko helburuarekin. Une jakin batean batzorde haren eta Gipuzkoan fakultateak sortzen ari zen patronatuaren interesek bat egin zuten, petrokimikarekin zerikusia zuen zerbait egiteko. Lehen izapideak egin eta gero, talde hura konturatu zen zerbait egitekotan ikastetxe estandar samarra egin beharko zutela, ez zietela ezer berezia antolatzen utziko.
Gauzak horrela, Valladolid-eko Unibertsitateari -hura baitzen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zeuden fakultateen ardura zuena- baimena eskatu zioten zientziarekin eta petrokimikarekin zerikusia zuen eskola egiteko. Valladolid-eko Unibertsitateko garaiko errektoreak begi onez ikusi zuen asmoa eta nolabaiteko laguntza eman zuen; horrekin batera, Diputazioa ere dirua jartzeko prest agertu zen. Beraz, asmoa errealitate bihurtzeko aukera zegoen.
Pertsona bila hasi eta Martin Guzman iritsi zen Donostiara. Guzman izatez madrildarra zen, baina emaztea donostiarra zuen, eta Valladolid-en bazuen lagunen bat; horregatik iritsi zen hona. "Decano comisario" karguarekin etorri zen, hau da, dekanotza eraman eta fakultatea antolatzeko zereginarekin. Martin Guzmanek Madrilen egin zituen ikasketak, eta tesia CSICko Kimika Organikoaren Institutuan. Han zegoela, Institutuan bertan polimeroen unitatea eratu zen, gerora CSICko Plastikoen eta Kautxuaren Institutua izango zena. Prozesu hura guztia ezagutu zuen Martin Guzmanek. 1950eko hamarkadan bigarren doktore-tesia egin zuen, Ingalaterrako Birminghan-en. Madrilera itzuli zen, CSICra, eta handik unibertsitatera pasa zen, Kataluniako Unibertsitate Politeknikora. Gero Donostiara etorri zen.
Hura iritsi arte, bazirudien ikastetxea petrokimikarekin zerikusia izan zezakeen zerbait izango zela, kimika orokorraz arduratuko zena; Martin Guzman iritsi zenean, berriz, gauzak norabidez aldatu ziren. Hemen zeuden irakasle guztiak polimeroen alorrera eramaten saiatu zen bera, horretan presta zitezela. Polimeroen barruan dauden espezialitateak bereizi zituen eta fakultate barruan hainbat sail eratu zituen, guztiak polimeroen alorrean. Inguruan 24-25 urteko irakasle hasi berriak zituenez, bere bultzadaz fakultatearen zeregina polimeroetarantz bideratzeko gauza izan zen. Hark polimeroak arloka banatu zituen eta horren arabera antolatu zuen fakultatea. Asmatu egin zuen, gaur egungo fakultatea oinarri haren inguruan garatu den fakultatea baita, Estatu osoan polimeroetan espezializatutako bakarra eta EHUren barruan errendimendu altuko talde gehien eta pisu handiena duena. Martin Guzmanek sei urtez bete zuen dekano-kargua, 1981. urtera arte. Eskolak ematen eta ikertzen jarraitu zuen, 1989-90 ikasturtean erretiratu zen arte. Hurrengo urtean, abuztuko egun batean, ohi zuenez, hondartzatik Santa Klara uhartera joan-etorria egin zuen igerian. Hondartzara iritsi zenean bihotzekoak eman zion eta hantxe geratu zen hilda Donostiako Kimika Fakultatea berezi bihurtu zuen gizona.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia