Marteko iparraldea arinago izozten da
2002/03/21 Lasa Iglesias, Aitziber - STEAM Hezkuntza arloko arduraduna
Egin dituzten simulazioetan ikusi dute Marteko gainazalaren altuera-desberdintasuna kontuan hartzen ez badute, zeharo aldatzen dela airearen zirkulazioa; izan ere, Marteko hego-poloa
ipar-poloa baino sei kilometro altuago dago. Hori hobeto ulertzeko, jakin behar da Tibeteko goi-zabaldia batez beste itsas maila baino lau kilometro gorago dagoela.
Ikertzaileek ondorioztatu dutenaren arabera, altuera-desberdintasun hori da airearen zirkulazioan desoreka hori sorrarazteko arrazoi nagusia. Eta desoreka horrek, oro har, hegoaldetik iparrera ur-lurruna garraiatzea eragiten du; hemisferio bakoitzeko udan urtzen den izotzetik eratorritakoa, hain zuzen ere.
Marteren Eguzkiaren inguruko orbitaren eszentrikotasunak ere izan zezakeen atmosferaren zirkulazioaren asimetria horretan eragina, baina Richardsonek eta Wilsonek eginiko simulazioetan, parametro horri balio desberdinak eman eta alde handirik ez dela egon ikusi dute. Orbitaren eszentrikotasunak Martetik Eguzkirako distantzia minimoa finkatzen du.
Lurrean bezala, Marteko atmosferako gasa ekuatorean epeltzen da eta, konbekzioz, gora egiten du; poloetara iristerakoan, hoztu egiten da eta ekuatorerantz jausten da berriro ere. Efektu horren ondorioz,
gingil-itxurako zurrunbilo bana sortzen da bi hemisferioetan: Hadley zelulak, hain zuzen ere.
Hadley zelulek planetaren gainazaleko ur-lurruna eta hautsa garraiatzen dituzte. Simulazioetan ikusten denaren arabera, Marteko hegoaldeko Hadley zelula azkarrago higitzen da eta ekuatoretik alde egiten du; horrela, iparralderantz joaten dira ur-lurruna eta hautsa.
1990ean ikusi zen Marteko
ipar-poloa eta hego-poloa ez direla berdinak. Iparreko izotza oso malkarra da eta zuloz beterik dago; horrez gain, banaketa oso homogeneoa du. Hegoaldean, berriz, izotzak eite berezi eta arraroak hartzen ditu, higadurak eragindakoak, hain zuzen ere.
Aurkikuntza honen ondorioz, poloetan sortuko den izotza nolakoa izango den iragar daiteke. Izan ere, hautsa eta izotza alternatiboki metatuko dira geruzak osatuz, baina Richardsonek eta Wilsonek kalkulatu dutenaren arabera, iparraldean azkarrago metatuko dira. Dena dela, oraindik urrunegi ikusten dugu Marte iragarritako hori guztia egiaztatu ahal izateko. Gainera, ez dago batere argi Marten dagoen izotzaren konposizioa; alegia, zenbat den ura eta zenbat den karbono dioxidoa. Mars Odyssey espazio-ontziak bidaliko dituen datuetatik hori guztia argitzea espero da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia