Marteko gainazaletik askatutako arrokez osatuta egon liteke Fobos
2010/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Mars Express zundak berriki jasotako datuek Marteko Fobos ilargiaren jatorria argitzen lagun dezakete. Europako Espazio Agentziako (ESA) kideek diote "froga argigarriak" lortu dituztela Fobos Marteko gainazaletik leherketa masibo batean askatutako arrokez osatuta dagoela pentsatzeko.
Europako Zientzia Planetarioko Kongresuan, Erroman, aurkeztu dituzte datuak. Eta han, bi hipotesi nagusi defendatu dituzte ikertzaileek. Horietatik indar gehien hartu duen teoriaren arabera, Martek espazioko arroka batekin talka egin zuen, eta horren eraginez planetaren gainazaletik askatutako materialak metatu egin ziren gero, eta Fobos ilargia eratu. Beste teoriak dio Marteren grabitate-indarraren eraginez hautsitako ilargi zaharrago baten hondarrekin osatu zela Fobos.
Aurretik egindako ikerlanen harira, astronomo ugarik uste zuten, adibidez, Marte eratu zenean grabitatearen eraginez harrapatutako bi asteroide izan zitezkeela Marteren bi ilargiak: Fobos eta Deidos. Orain, ordea, ESAren aurkikuntzek indargabetu egin dute hipotesi hori, nahiko ziurtzat eman baitute Fobosen jatorrian talka bortitz bat egon zela.
Ondorio horretara iristeko daturik argigarriena mineral batekin lotuta dago. Izan ere, Fobosen gainazalean filosilikatoa hauteman dute lehenbizikoz, batik bat Stickney izeneko kraterraren ipar-ekialdeko eremuetan. Filosilikatozko arroka horiek, ustez, uraren presentziarekin sortzen dira, eta aurretik Marten bertan ere aurkitu izan dira.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia