}

Marrazo zuria

1995/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Steven Spielberg-en Marrazoa (Jaws) filme ezagunak marrazo zuri handiaren nortasunaren alderdi bakar bat baino ez zuen erakutsi; erasotzaile odoltsuarena, alegia. Hegoafrikako Museoko Leonard Compagno biologoaren ustetan irudi hori ez da egokia. Bere aburuz, orain arteko ikerketak marrazoaren ehiza-jokaeraz eta gizakiekiko harremanez baizik ez dira arduratu eta hori txanponaren alde bat baino ez da.

Marrazo zuria ez da ehiztari bakartia, animalia soziala baizik, eta harreman konplexuak ditu bere espeziekideekin eta beste animaliekin.

1980ko hamarkadaren erdialdetik hona Compagnok egin dituen azterketek marrazo zuri handiaren beste irudi bat darakusate. Marrazo zuria ez da ehiztari bakartia, animalia soziala baizik, eta harreman konplexuak ditu bere espeziekideekin eta beste animaliekin. Ez da barruti bati atxikitako animalia eta hori defendatzeari lotutakoa. Harrapakari trebea izanik, bere barrutia mugatzeak ez damaio abantailarik. Animalia nomada da, bestalde. Gainera, marrazo zuriak batzuetan talde-lana eginez ehizatzen du, antza.

Pinguinoekin oso harreman kuriosoa dauka. Izan ere, hegazti hauek bere sparringak direla dirudite. Marrazo zuriak fokak jaten ditu normalean, pinguinorik ez. Hala ere, askotan pinguinoei erasotzen die, baina ez ditu hiltzen. Hortzekin heldu eta gero joaten uzten die. Beraz, ehiza-teknika hobetzeko entrenamendu modukoa izan daitezke pinguinoei eginiko eraso horiek.

Compagnoren ustetan marrazo zuriari buruz ikasteko asko dago oraindik. Dena dela, erasotzaile odoltsu, anker eta basatiaren irudia aldatzen hastea komeni delaazpimarratzen du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia