Marmokak, olatuek ekarritako erresumina
2007/08/11 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Ikertzaileek frogatu dutenez, neguan euri gutxi egiten badu, Pelagia noctiluca espeziea asko ugaritzen da Mediterraneoko kostetan. (Argazkia: George Reclos)
Egia da hondartzetara gero eta jende gehiago joaten dela, eta, beraz, litekeena da irudipen hutsa izatea; alegia, beharbada lehen ere agertuko ziren noizbehinka marmoka-saldo handiak itsasertzean, baina orain jende asko egoten denez hondartzetan, eragozpen gehiago sortzen dituzte. Euskal Herriko hondartzetara, adibidez, ura nahiko beroa dagoenean etorri ohi dira, hau da, abuztu-amaieran eta irailean, ur-lasterrak eta haizeak bultzatuta.
Dena den, ez da irudipen-kontua bakarrik; zientzialariek ere uste dute ugaritu egin direla, bai behintzat Mediterraneoan eta Andaluziako arku atlantikoan. Hori dela eta, Espainiako Kosta Zuzendaritzak kanpaina berezi bat jarri du martxan, batetik marmokek pertsonei kalte egitea saihesteko, eta, bestetik, zergatik ugaritu diren ikertzeko.
Zientzialariek hainbat hipotesi dituzte marmoken ugaritzea azaltzeko. Nolanahi ere, haien ustez, ez dago eragile bakar bat; hainbat eragile dira, eta guztiek bat eginda ekarri dute marmokak lehen baino ugariagoak izatea eta kostara sarriago hurbiltzea.
Faktoreen batura
Kostara iristen diren marmoken kopuruan eragiten duen faktoreetako bat klima da. Mediterraneoan frogatu dutenez, neguan euri gutxi egiten badu, marmokak errazago hurbiltzen dira urertzera. Horrek uren gazitasunarekin eta marmoken flotagarritasunarekin du zerikusia. Jakina denez, ur gezatan gazitan baino zailagoa da flotatzen; beraz,kostako ura itsas zabalekoa baino nabarmen gezagoa denean, marmokak ez dira hain erraz hurbiltzen kostara, nahiz eta haizeak harantz bultzatu, flotagarritasuna galtzen baitute.
Alabaina, neguan euri gutxi egiten duenean, ibaiek ohi baino ur gutxiago isurtzen dute itsasora, eta kostako uraren gatz-kontzentrazioa ez da aldatzen. Orduan, marmokei ezerk ez die eragozten itsasertzera hurbiltzea. 1980ko hamarkadatik, zientzialariek garbi ikusi dute, Pelagia noctiluca espeziearen kasuan, lotura dagoela euri-kantitatearen eta marmokak ugaritzearen artean.
Beste faktore bat petrolioak eragindako poluzioa da. Izan ere, petrolio-isuriak gertatu diren lekuetan ikusi dute bakterioak ugaritu egiten direla, zenbait bakterio motarentzat petrolioa elikagai aproposa baita. Noski, bakterio horiekin elikatzen diren kopepodoak (itsas animalia mikroskopiko batzuk) ere ugaritu egiten dira, eta kopepodoak, berriz, marmoken elikagai nagusietako bat dira. Hala, Alaskan adibidez, Exxon Valdez- en isuriaren ondoren, marmokak izugarri ugaritu dira.
Beste era bateko poluzioak ere eragin dezake marmokak ugaritzea, arrazoi berberagatik. Esate baterako, Itsaso Adriatikoan eta Mar Menor aintziran, konposatu organikoen eta inorganikoen isuriek bakterioak ugaritzea ekarri dute. Horren ondorioz, espezie batzuk galdu egin dira, ez ordea marmokak; horien kasuan,alderantzizkoa gertatu da .
Hala eta guztiz ere, ikertzaileek uste dute gehiegizko arrantzaren eraginez ugaritu direla hainbeste marmokak Mediterraneoko eta, seguru asko, penintsula osoko itsasertzean. Neurriz kanpoko arrantzaren lehen ondorioa da jateko espezieen populazioak asko txikitu direla. Kantauriko antxoa horren adibide garbia da. Kontua da arrainek eta marmokek elikagai berak jaten dituztela (kopepodoak, krustazeoen larbak...); hortaz, lehiakidea gutxitzen bada, marmokak lehen baino elikagai gehiago du jateko, eta ugaritu egiten da.
Bering itsasoan, esaterako, Chrysaora generoko marmoka-populazioa 10 aldiz handitu da arrantzatzen ziren arrain-espezieak galdu direnetik. Namibiako kaletan ere, genero horretako espezie bat ikaragarri ugaritu da 15 urtean: lehen marmoka bakoitzeko hamar arrain zeuden, eta orain hiru marmoka arrain bakoitzeko.
Lehiakideak desagerrarazteagatik ez ezik, harrapariak gutxitzen dituelako ere eragiten du arrantzak marmoken ugaritzean. Hain zuzen, atunaren familiako arrainek eta bestemigratzaile batzuek marmokak jaten dituzte; beraz, haien populazioak behera egiteak marmokena igotzea dakar.
Ondorio kaltegarriak
Hondartzetara hurbiltzen diren marmokek eragozpen nabariak sortzen dituzte, uretan edo itsasertzean dabiltzan pertsonek mintzeko arriskua baitute. Normalean, marmoken pozoiak ez du ondorio larririk eragiten, baina mingarria da; beraz, hondartzazaleak kontuz ibiltzera behartzen dituzte. Ikuspuntu orokorrago batetik, turismoari ere egiten diote kalte. Izan ere, noizean behin hondartzaren batean uretara sartzea debekatu behar izaten dute, marmokak heltzeko arriskua saihesteko. Neurri horrek, baina, turistak uxatzen ditu, eta lekuko ekonomiarentzat kaltegarria da.
Horrez gain, arrantzarentzat ere kaltegarriak dira marmoka-saldo handiak. Batetik,arrainen elikagai berak jaten dituzte, eta, bestetik, sareen zuloak betetzen dituzte, eta, ondorioz, arrantzatzea galarazten dute. Azkenik, kalte ekonomikoak alde batera utzita, marmokak ugaritzeak ekosistemak desorekatzea dakar.
Ikusiko dugu Espainiako Kosta Zuzendaritzak abian jarritako ikerketak zerbait argitzen duen, eta, bitartean, begiratu ondo itsasoan zaudela inguratzen zaizun poltsa garden hori plastikozkoa edo gelatinazkoa ote den!
Gara-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia