}

Marmoka artifizial bat sortu dute arratoien bihotzeko zelulekin

2012/07/25 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

marmoka-artifizial-bat-sortu-dute-arratoien-bihotz
Arg. Caltech eta Harvard Unbertsitatea

Arratoien bihotzeko zelulez estalitako silikona zati bat da, eta, korronte elektriko baten eraginpean, marmoka baten gisara hasten da igerian. Kaliforniako Teknologia Institutuko eta Harvard Unibertsitateko bioingeniariek sortu dute, eta “medusoide” izena jarri diote.

Aurelia aurita marmoka hartu dute eredu. Marmokaren kanpaia muskulu-zelulen geruza bat da, non muskulu-zuntzak erdiguneko eraztun baten inguruan eta zortzi erradioetan zehar lerrokatuta dauden. Kanpaian zehar uhin gisa (uretara harri bat botatzean bezala) hedatzen den seinale elektriko batek eragiten du marmoka uzkurtzea.

Hain zuzen ere, modu berean funtzionatzen dute bihotzeko muskulu-zelulek ere. Hala, Nature Biotechnology aldizkarian azaldu dutenez, marmoka-formako silikonazko euskarri batean arratoien bihotzeko muskulu-zelulen geruza bat haziz sortu dute medusoidea. Eta uretan bi elektrodoren artean jartzen denean igerian hasten da, benetako marmokak bezalaxe.

Orain giza zelulekin gauza bera egiteko asmoa dute ikertzaileek, eta dagoeneko diseinua patentatu dute, botikak probatzeko plataforma gisa erabiltzeko; esaterako, bihotzeko muskulu-zelulen funtzionamendua hobetu dezaketen botikak probatzeko. Bestalde, bihotzak egiten duen bezala, bere barne-seinaleekin funtzionatuko duen sistema bat sortzera iritsi nahi dute. Horrek bidea irekiko luke giza gorputzean baterien beharrik gabe funtzionatuko luketen sistemak txertatu ahal izateko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia