Marie Curie, txikian handi. Handiena.

Oro ez da urre. Aldapak eta oztopoak? Non ez, ezta? Baina ez dira guztiak zailtasun berekoak. Gutxik jasan dituzte Marie Curiek bezain latzak.

Wikipedia


Marie Curie poloniarra zen, txikia eta argala, isila eta lotsatia. 1867an jaioa, 24 urterekin Parisera joan, eta Sorbonan matrikulatu zen. Ikaskideak harrituta geratu ziren: emakume bat han, gizonen munduan! Mariek garbi ikusi zuen gizonek baino gogorrago jardun behar zuela leku egiteko. Inbidiak, aurreiritziak… eta, opari, behartsuen koska erraldoia: poltsikoak hutsik.

Ganbaratxo batean bizi zen, baina ordu gehienak liburutegiko epelean ematen zituen. Itxitakoan, ganbaratxora itzuli eta ikasten jarraitzen zuen, hotzari erreparatu gabe. Oso (oso-oso!) gutxi jaten zuen, eta behin baino gehiagotan zorabiatu zen unibertsitatean. Hala ere, promozioko lehena izan zen.

Promozioko lehena, Frantzian doktoregoa lortu zuen lehen emakumea, Nobel saria irabazi zuen lehen emakumea, Sorbonan katedra lortu zuen lehen emakumea, bi Nobel Sari lortu zituen lehenbiziko zientzialaria… Ikaragarria.

Hori guztia nola lortu zuen? Lan eta lan eta lan eginez. Baina bazeukan laguntzeko astia ere: I. Mundu Gerran, X izpiak erabiltzen irakatsi zien aliatuei, Irene alabaren laguntzarekin. 1934an hil zen, leuzemiarekin, ziur asko hainbat urtez radioaren eraginpean lan egitearen ondorioz.

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali