}

Margolanen zaharberritzea laserraren bidez

2002/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Orain arte laserra ez zen erabiltzen margolanak zaharberritzeko, beroak kalteak sor ditzakeela uste zelako. Baina Analitical Chemistry aldizkari espezializatuan argitaratutako lan baten arabera, Marta Castillejok eta bere lan-taldeak laserra zaharberritzeetan erabiltzeko modua asmatu dute.

Ikerketa horren emaitzen arabera, laserrak ez ditu margolanak kaltetzen; are gehiago, orain erabiltzen diren metodo kimikoak baino hobea dela frogatu da. Urteen poderioz margolanen azalean metatutako zikinkeria kentzeko, kripton fluoruroaz baliatzen den gasezko laser bat erabili dute; horrekin, ultramoreen espektroan uhin-luzera jakin bat duen argia lortu dute. Zikinkeria kendu ahala pigmentuak ez kaltetzeko, ordenagailuz kontrolatzen da prozesua. Gainera, sistemak daraman espektroskopio batez, osagaien analisia egiten da. Horrela, margolana ez dela kaltetzen bermatzen da.

Ohiko metodo kimikoekin alderatuta, hainbat abantaila ditu; esate baterako, normalean erabiltzen diren disolbagarriak eta gai kimikoak baino gutxiago kaltetzen du ingurumena, eta suak kaltetutako margolanak berritzeko balio duela frogatu da. Dagoeneko, prototipo eramangarri bat lortzeko lanean ari dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia