}

Mangladiak, babesle ahulak

2005/10/28 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Irudian, Indiako kostako mangladi bat azaltzen da. 2004ko abenduaren 26an, toki horretan bertan, lau metro eta erdiko olatuek jo zuten kosta. Mangladiaren atzean zeuden herriek kalte txikiak izan zituzten, inguruan zuhaitzik ez zutenekin alderatuta.

Batzuek hasieratik susmatu zuten mangladiek kalteetatik babestu zituztela kostako hainbat herri. Hori frogatu nahian, zenbait ikertzaile mangladiak aztertzen aritu dira, eta orain Science aldizkarian argitaratu dituzte ateratako ondorioak.

Ikertzaileek garbi ikusi dute mangladiek zenbaterainoko garrantzia duten herriak tsunamietatik eta ekaitzetatik babesteko. Ekologikoki, gune benetan garrantzitsuak dira, baina erraz honda daitezke. Horregatik, adierazi dute mangladiak zaindu beharreko altxorra direla.

Mangladien antzera jokatzen dute dunek eta hondartzetako basoek ere, eta, beraz, ikertzaileek uste dute horiek ere babestu beharko liratekeela.

Argazkia: Finn Danielsen, Europako iparraldeko Garapenerako eta Ekologiarako Agentzia (NORDECO)