}

Malaria gaindiezina ote?

2004/11/21 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Aldian-aldian, malariari aurre egiteko txertoen berri ematen da egunkarietan eta beste komunikabideetan. Baina, dirudienez, urteak pasako dira lehenengo txertoa merkaturatzerako. Hala ere, txerto hori lortzeko bidean pauso handi bat eman berri da.
Oraindik ez da merkaturatu malariaren aurkako txerto eraginkorrik.
WHO/P. Virot

Ikertzaileak oso itxaropentsu daude. Malariaren historian lehenengo aldiz, txerto batek dezenteko arrakasta izan du proba klinikoetan. Eta, gainera, txerto hori bereziki eraginkorra omen da malaria-kasurik larrienetan, hau da, haurretan eta gaixotasunaren aldaera gogorrenean.

Urtero milioi bat eta lau milioi lagun artean hiltzen da malariak jota. Malaria-kasurik gehien Afrikan agertzen da, eta gehienbat haurrak hiltzen dira. Hori dela eta, txerto hau probatzeko saio klinikoak Mozambikeko ospitale batean egin dira.

Saio klinikoak beharrezkoak dira txertoaren eraginkortasuna zenbatekoa den jakiteko. Eta bereziki garrantzitsuak dira malariaren kasuan; izan ere, giza bizkarroi edo parasito batek eragindako gaitza da, eta gizakiarekin probatu aurretik ez da animaliekin probarik egin. Bada, txerto horren eraginkortasuna bi bat haurrekin probatu da, urtebete eta lau urte bitarteko haurrekin, hain zuzen ere.

Dena dela, ez dira gizakiekin egindako lehenengo probak izan. Txerto hori pertsona helduetan probatu zen lehenengo; eta, antza denez, haurretan eragin hobea izan du helduetan baino. Izan ere, Mozambikeko ospitale horretako probetan emaitza oso onak izan dira: egoera jakin batzuetan gaixotasuna garatzeko arriskua % 78 gutxitu da txerto horri esker.

Emaitza onak

Anopheles eltxo emearen ziztadak malaria kutsa dezake.

Txerto honekin haurrak berdin-berdin infektatzen dira, baina ez gaixotzen laguntzen du. Txertoaren tratamendu osoa, hiru dosi, 688 haurrek bakarrik jaso zuten; eta gaixotzeko arriskua % 30 gutxitzea lortu zen. Ikertzaileek ikusi zutenez, malariaren aldaerarik larrienaren kasuan arriskua oraindik gehiago murriztu zen: % 58.

Are gehiago, itxaropen gehien piztu duten emaitzak haur oso txikiekin lortu dituzte. Urtebete eta bi urte bitarteko haurretan malaria larrienaz gaixotzeko arriskua % 76 txikitu da. ‘Orain arte malariaren aurkako txerto batekin lortu diren emaitzarik onenak dira, alde handiz’ Pedro Alonsoren hitzetan. Pedro Alonso Bartzelonako Unibertsitateko ikertzailea da, eta txerto honen proba klinikoak zuzendu ditu.

Txertoa garatu eta probatu den arte talde zabal batek egin du lan. Ospitaleko proba klinikoak Bartzelonako Unibertsitateko lan-talde batek egin ditu, baina txertoa bera Belgikako enpresa batek ekoiztu du, GSK Biologicals-ek. Txerto hau sortzerakoan, helburu nagusia sistema immuneari laguntzea zen malariaren bizkarroia ( Plasmodium deiturikoa) akabatzeko.

Bizkarroi hori Anopheles eltxoaren bidez zabaltzen da. Eltxo emeak norbait ziztatzen duenean, Plasmodiuma eltxoaren gorputzetik ziztada jaso duenaren odolera pasatzen da. Edo, alderantzizko norabidean, malariaz kutsatutako norbait ziztatuz gero, bizkarroia jaso dezake eltxoak, eta hurrengo ziztatzen duen koitadua kutsatu.

Zorionekoa ospitalean ohe bat lortzen duen gaixoa.
WHO/P. Virot

Bizkarroia pertsona baten odolera sartzen denean, gibeleraino iristen da, eta ugaltzen hasi. Orduan esan daiteke pertsona hori gaixo dagoela; izan ere, bizkarroia ugaldutakoan sistema immunearen erasoa hasten da. Gaixoak sukar handia izaten du, eta buruko mina eta gorakoa. Bien bitartean, bizkarroia bere lana egiten ari da: odoleko globulu gorriak suntsitzen ari da.

Bizkarroi horri aurka egiteko, txertoak bi osagai nagusi ditu. Osagai horietako batek sistema immunearen erantzuna ahalik eta azkarren gertatzea eragiten du, eta bestearekin T zelulak indartzen dira, sistema immuneko zelula berezi batzuk.

Goizegi kanpaia jotzeko

Txerto hori lortzeko lehenengo urratsak 1986an eman ziren. Ia hogei urte pasa dira ordutik; malariaren aurkako ikerketa mantso doa, ikusten denez. Eta oraindik ezin da esan malariaren aurkako txertorik lortu denik; izan ere, merkatura iritsi aurretik, beste lurralde batzuetan ere egin beharko dira probak. Txerto hori eraginkorra eta segurua dela egiaztatu beharko da. Eta, dena ondo joanda ere, ez da merkaturatuko hemendik bospasei urtera arte.

Besteak beste, sukar handia eragiten du malariak.
WHO/P. Virot

Hori dela eta, oraindik ez dago kanpaia jotzerik. Oraindik urrun dago Afrikako, Asia hegoaldeko eta Amerika hegoaldeko ospitaleetan malariaren aurkako txertoa banatuko den eguna. Oztopo handiena diru falta da. Izan ere, txerto hori egiten duena ez da aberastuko: merkatu zabala izango du, bai, baina oso pobrea. Probatu berri duten txerto horren kasuan, esaterako, Bill Gates-ek eta bere emazteak finantzatu dute ikerketa guztia.

Dena dela, eta harrigarria badirudi ere, txertoa izan ala ez, bada malariari aurre egiteko era merkeago bat: eltxoetatik babesteko sarea erabiltzea gauean, lotarako. Leku batzuetan ehun eltxotik gora bil daitezke logela batean; beraz, zaila da gauean ziztadarik jaso gabe esnatzea goizean. Sare horrekin ere izaten da ziztadaren bat, baina, gutxienez, zenbat eta ziztada gutxiago jaso, orduan eta arrisku gutxiago izango da malaria harrapatzeko.

Ikusten denez, oraingoz ezin da askoz ere gehiago egin. Txertoa urrun dago oraindik, inoiz iristen bada.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia