}

Makako arriskutsuak lekuz aldatu behar

1997/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Indiako Delhi hiriburutik 150 kilometrotara dagoen Vindravan erromes hirian mila rhesus makako baino gehiago bizi dira. Duela urte asko tximino hauek bertako tenpluak inguratu zituzten, baina hemendik laisterrera habitat berri batzuetara eramango dituzte.

Leku-aldaketa hau bizitza basatian egin den handienetako bat bezala aurkeztu dute. Hinduismoaren mitologian tximinoak gurtuak diren arren, Vindravango hiritarrek eta basa bizitzan adituak diren batzuek diotenez, animalia hauen agresibitatea handiagotu egin da eta tokiz aldatu behar dira. Makakoak poltsak lapurtzen hasi dira eta kasu batzuetan etxeetara sartu dira janari bila. Eta larriagoa dena, hiritar batzuei kosk egin diete tximino bihurri hauek.

World Wide Fund for Nature elkartearen babesean, talde batek 600 tximinoentzat tranpak jarriko ditu. Makakoak harrapatu ondoren, 60 kilometrora dauden sei landa-guneetara eramango dituzte. Proiektuak arrakasta izanez gero, beste herrialde batzuetan ere sistema berbera erabiliko dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia