}

Mahatsari ere iritsi zaio txanda

2007/10/07 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

iEz dago zalantzarik: udazkenaren hasierako protagonista mahatsa da. Nolako mahatsa, halako ardoa , eta horregatik entzuten da mahats hitza inoiz baino sarriago sasoi honetan, askoren ahotatik, gainera. Mahatsaz aritzen dira mahasti-jabeak, enologoak, ardozaleak, eta, aurten, baita genetistak ere. Izan ere, mahatsondoaren genoma aurkeztu dute duela gutxi Nature zientzia-aldizkarian.
Ikertzaileek Pinor Noir aldaera aukeratu zuten sekuentziatzeko, Borgoina eta Xanpaina ardoei zaporea ematen diena.
Jenkins Winery

Frantziarrek gidatutako genetista-talde batek deskodetu du mahatsondoaren genoma. Zehazki, Pinot Noir barietatearen DNA sekuentziatu dute, guztira 30.000 gene baino gehiago. Aipatzekoa da mahatsondoa dela sekuentziatu duten lehen fruitu-landarea, eta, loratzen diren landare guztietatik, berriz, laugarrena. Hortaz, mahatsarentzat ohore handia da deskodetzeko aukeratua izana, eta frantziarrentzat ere bada ohorea haiek gidatu izana lana, nahiz eta taldean ikertzaile italiarrek ere parte hartu duten.

Ardoaren zaporearen geneak

Mahatsondoak ( Vitis vinifera ) aldaera genetiko asko ditu. Ikertzaileek barietate bat aukeratu zuten, Pinot Noir, Borgoina eta Xanpaina ardoei zaporea ematen diena, hain zuzen, eta hainbat belaunaldiz gurutzatu zuten barietate hori bera, ahalik eta aldaera genetiko txikiena egon zedin aztertutako mahatsaren genoman. Gero, barietate puru horren DNA milioika zatitan banatu zuten; zati bakoitza sekuentziatu zuten, eta, programa informatiko bat erabiliz, sekuentzia guztiak ordenatu eta elkartu zituzten, genoma osatzeko.

Sekuentzia ezagutzea baliagarria da izurriekiko erresistenteak diren barietateak sortzeko.

Espero bezala, ardoari zaporea ematen dieten konposatuekin lotutako gene asko identifikatu dituzte. Adibidez, 70-80 genek terpenoen ekoizpena kontrolatzen dute. Hain justu, terpenoek eragin handia dute ardoaren zaporean, eta genoma sekuentziatuta duten beste landareek baino askoz ere gene gehiago ditu mahatsondoak konposatu horiekin erlazionatuta, ikerketan erabiltzen den Arabidopsis landareak baino hiru aldiz gene gehiago, esaterako.

Ikertzaileen esanean, gene horiek identifikatuta izatea oso baliagarria izan daiteke ardogileentzat, bestelako zaporeak sortzeko gene-konbinazio berriak proba ditzaketelako. Hala ere, beste ikertzaile batzuk ez dira iritzi berekoak; haien ustez, behar bada geneak aldatzea ez da era onena ardoaren zaporea hobetzeko, beste aldagai askok ere eragiten baitute ardoari zaporea ematen dioten konposatuen ekoizpenean, hala nola eguraldiak edota mahatsa zein kondiziotan hazten den.

Baina seguru asko sekuentzia ezagutzea bai izango da baliagarria izurriei aurre egiteko. Mahats-barietate asko galdu dira lizunaren erruz, eta, beraz, ona izango litzateke jakitea zein diren lizunetik babesten duten geneak. Gene horiek dituzten barietateak beste barietateekin gurutzatuta, lizunarekiko erresistenteak diren barietate berriak lortzeko aukera egongo litzateke.

Eboluzioa argitzen

Geneak ez ezik, beste aldagai askok ere eragiten dute ardoaren zaporean. (Argazkia: Adelaidako Unibertsitatea)

Horrez gain, landareen eboluzioa aztertzen duten zientzialarientzat ere interesgarria da mahatsondoaren sekuentzia ezagutzea. Izan ere, haren genoma duela 250 milioi urte izandako gertaera garrantzitsu baten lekuko da: loratzen diren landareak bi taldetan banatu ziren, dikotiledoneoetan (zuhaitzak, fruitu-landareak eta baraziak) eta monokotiledoneoetan (belar-antzekoak, hala nola garia eta arroza, eta orkideen moduko loreak).

Mahatsondoaren sekuentzia deskodetu dituzten beste landareenekin alderatuta, ikusi dute makaletik edo Arabidopsis -etik hurbilago dagoela arrozetik baino. Haietatik noiz bereizi zen ere jakin dute, gainera.

Edonola ere, genetistek mahatsondoaren sekretu asko argitaratu dituzten arren, onartu dute haien lana pauso bat besterik ez dela mahatsaren ezagutzan, eta ezin dela alde batera utzi esperimentazioaren bidez milaka urtetan lortutako jakituria.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia