}

Madeleine aldian talde batzuk kanibalak zirela baieztatu dute Poloniako aztarnategi batean

2025/02/10 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

madeleine-aldian-talde-batzuk-kanibalak-zirela-bai
Maszycka kobazuloko aztarnek kanibalismoaren aztarna argiak dituztela ondorioztatu dute. Arg. Witold Mirek/CC BY-SA 4.0/Wikimedia Commons

Maszycka haitzuloko (Polonia) giza fosilak aztertuta, ikertzaileek ondorioztatu dute giza talde haientzat kanibalismoa praktika kultural bat zela. Aztarnategia 1980ko hamarkadan aurkitu zuten. Besteak beste, duela 18.000 urteko lau haur eta sei helduren fosilak topatu zituzten, animalia-hezurrekin batera. Giza hezurrek muinak eta garuna atera zizkietelako seinale garbiak zituzten, eta animalienek, berriz, haragia jan zutelakoa. 

Hasiera batean, giza hezurrak errituren baterako erabiliko zituztela pentsatu zuten ikertzaileek. Hain zuzen, beste leku batzuetan, adibidez, Goughen kobazuloan (Erresuma Batua) eta Brillenhöhlen (Alemania), edalontziak egin zituzten garezurrekin. Maszyckan, ordea, ez dute halakorik ikusi, ezta errituekin lotu daitekeen beste aztarnarik ere. Aitzitik, hezurrek dituzten markak bat datoz tresna batez haragia moztean egingo zituztenekin. Hezurrak bananduta daude, haietatik haragia kentzeko, eta zatituta, muina ateratzeko. Garezurrak ere puskatuta daude garunak ateratzeko, eta ez ziren saiatu haiekin ontziak egiten. 

Azken finean, gorpuak hil berritan manipulatu zituzten, nutrigaiak lortzeko: haragia, muinak eta barrunbeak. Hortaz, ikertzaileek iradoki dute, agian, talde batek beste bati eraso egin ziola, tokia eta baliabideak kentzeko, eta testuinguru horretan hil eta jan zituztela.

Izatez, era horretako kanibalismoa ez zen hain arraroa, Madeleine aldiko beste aztarnategi batzuetan ere aurkitu baitituzte halako arrastoak, baita beste garai batzuetakoan ere. Nolanahi ere, gogorarazi dute kanibalismoa heterogeneoa zela. Ikerketa irekian argitaratu dute Nature taldeko Scientifics Reports aldizkarian.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia