Madagaskarko palmondo berria

Madagaskarren duen anakardo-landaketaren inguruan ibilalditxo bat egiten ari zela, palmondo erraldoi bat topatu zuen Xavier Metz frantziarrak: hemezortzi metroko enborra zuen, eta bost metroko diametroko adakera. Harrituta gelditu zen ikusitakoarekin, eta John Dransfieldekin harremanetan jarri zen, Madagaskarko palmondoen gidaliburuaren egileetako batekin. Hura ere harrituta geratu zen aurkikuntzarekin, inoiz ez baitzuen halako palmondorik ikusi.

Madagaskarren inoiz aurkitutako palmondo handiena da. Loreak eta infloreszentziaren adarrak ikusi eta berehala ohartu ziren beste espezie baten aurrean zeudela. DNA aztertu zutenean, ordea, ikusi zuten beste espezie bateko alea ez ezik, beste genero bateko alea ere bazela. Thaina spectabilis izena jarri zioten.

Palmondo berriak, gainera, bizi-ziklo berezia dauka, zurezko landareen artean oso ohikoa ez dena: behin bakarrik loratzen da, eta, ondoren, hil egiten da. Energia asko inbertitzen du loratzean, ehunka lore txikiz eratutako infloreszentzia handi bat garatzen baitu. Eta ez zaio gelditzen, nonbait, bizirik iraun ahal izateko energiarik.


Argazkia: John Dransfield

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Botanika