Mac OS X sisteman dabilen Photoshop 7.0 iritsi da
2002/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Udaberritik aurrera, Photoshop 7.0 diseinurako programa eskuragarri izango dute Mac OS X sistema eragilea erabiltzen dutenek.
Urtebete pasatxo igaro da Apple enpresak Mac OS X sistema eragile berria kaleratu zuenetik, baina, orain arte, diseinatzaile gehienak Photoshopen zain egon dira, argazkiak eta manipulatzeko munduan gehien erabiltzen den programa baita.
Nahiz eta programa oraindik ez dagoen kalean, MacWorld aldizkariak beta bertsio bat probatu du, baita hainbat ondorio atera ere. Alde batetik, Photoshop 7.0 Mac-en OS 9.1 eta 9.2 sistemetan ibiltzeaz gain, OS X sistema berrian ere ibiliko da; bestalde, hautsa, urratsak eta zimurrak desagerraraziko dituen pintzel zuzentzailea da berrikuntza aipagarria; eta zuzentzaile ortografikoa ere izango du barnean, nahiz eta euskarazko zuzenketa ortografikoa egingo ote duen zalantzan dagoen.
Hala ere, akats nagusia plug-in direlakoetan datza. Izan ere, programari baliabide mordoa eransten dizkioten programa osagarri gehienak ez daude prest OS X sistemarako. Beraz, oraindik ere badago erronkarik eta lan egitekorik.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia