Oinpean dugun lurzoruak funtzio eta zerbitzu ekosistemiko garrantzitsuak betetzen ditu, ezinbestekoak planeta honetan bizitzeko. Lurzoru osasuntsuak gure aliaturik onenak dira elikadura-segurtasunerako, kontsumitzen ditugun elikagaien % 95 inguru ematen baitigute. Halaber, biologikoki dibertsoena den konpartimentua da. Organismo-sorta zabal bat bizi da bertan, eta haien balio funtzionalak lurzoruaren emankortasuna, uraren erregulazioa eta karbono-bahiketa hartzen ditu, besteak beste.
Lurzoruak landare, animalia eta mikroorganismo ugariren hazkundeari eusten dio. Besteak beste, lurzoru-gramo batean 60.000 bakterio- eta arkea-zelula, trilioi bat birus, dozenaka mila protista eta 200 metro onddo-hifa egon daitezke. Izaki bizidun horiek guztiek lurzoruko mantenugaiak biltegiratzeko eta askatzeko prozesuaren erregulazioan parte hartzen dute. Prozesu biogeokimiko horietan, elikagaiak landareentzako forma erabilgarri bihur daitezke, lurrean mantendu, edo airean edo uretan galdu.
Proposatzen den neurketetako bat da lurzoru-profil bati argazkia ateratzea. Modelo batek materia organikoaren edukiaren, ehunduraren eta pH-aren estimazioak ematen ditu. ARG.: Mikel Anza/ BioRender.com erabili da.
Bestalde, lurzoruak uraren drainatzea eta biltegiratzea erregula ditzake. Uraren zati bat lurzoruko landareek eta animaliek erabiltzen dute; beste zati batek, berriz, lurpeko urak birkargatzen ditu. Gainera, lurzoru osasuntsuek karbono-metaketarik handienetakoa eskaintzen dute, landarediak baino hiru aldiz handiagoa eta atmosferan dagoena halako bi. Modu jasangarrian kudeatzen direnean, lurzoruek zeregin garrantzitsua izan dezakete klima-aldaketa arintzeko, karbonoa bahituz eta atmosferarako berotegi-efektuko gasen emisioak murriztuz.
Zoritxarrez, Europako Lurzoruaren Behatokiaren arabera, lurzoruen % 60k gutxienez degradazio-iturri bat jasaten dute (karbono organikoaren galera, biodibertsitatearen galera edo higadura, adibidez) eta osasungaitzak dira. Lurzoruek betetzen dituzten funtzioak ez dira behar bezala aintzatetsi eta balioetsi klimari, biodibertsitateari eta ingurumenari buruzko eztabaidetan modu nabarmenean ager daitezen. Eta baliabide hori modu egokian kudeatzeko lehen urratsa ondo ezagutzea da.
Zientzia partizipatiboa lurzoruekin
Lurzoruen osasuna eta betetzen dituzten funtzioak ezagutzeko, zenbait parametro neur daitezke. Parametro horietako askok laborategi espezializatu bat behar dute, eta dirua eta denbora behar dira haiek aztertzeko. Alternatiba gisa, eta hain zehatzak ez izan arren, badira lekuan bertan eta tresneria sofistikaturik gabe neur daitezkeen parametroak. Gainera, lurzoruen beste ezaugarri bat da oso heterogeneoak direla espazioan. Horregatik, diagnostikoa egiterakoan, zenbat eta puntu gehiago aztertu, hobe. Eta puntu asko era merke batean aztertzeko, potentzial handia izan dezakete zientzia partizipatiboak eta herritarren zientziak.
Herritarren zientzia ikerketa partizipatiboaren ikuspegi bat da, publikoa aktiboki inplikatzen duena ikerketa zientifikoan, ezagutza eta ulermen berria sortzeko. Azken urteotan, herritarren zientziako proiektuen kopurua azkar hazi da, lurzoruetan zentratutakoak barne. Lankidetza-proiektu horiek funtsezkoak izan daitezke lurzoruaren osasuna babesteko eta hobetzeko. Alabaina, potentzial hori aprobetxatzeko, funtsezkoa da ezagutza trukatzeko sareak sendotzea eta herritarrekiko epe luzerako komunikazioa eta konpromisoa sustatzea.
LURZAINen jasotako ebaluazioen adibide bat. Sartutako balioa datu-basearekin konparatzen da, eta denboran zeharreko bilakaera irudikatzen da ARG.: LURZAIN
Gero eta interes handiagoa pizten du lurzoruei aplikatutako herritarren zientziak; neurri batean, gero eta garrantzi handiagoa duelako agenda politikoan. Horren adibide da Europar Batasunaren 2030erako Lurzoruen Estrategia, Europako Itun Berdearen helburuak lortzen laguntzen duena eta lurzoruen kudeaketan herritarren parte-hartzea areagotzeko ekintza zehatzak proposatzen dituena. Gainera, Europar Batasunaren “Europako lurzoruen aldeko ituna” misioaren funtsezko zutabeetako bat da herritarren inplikazioa. Orain arte garatutako ekimenen helburua izan da, besteak beste, kontzientziazioa areagotzea eta lurzoruaren osasuna politika publikoetan txertatzea.
Zer dira lurzoruetako osasun-xartelak eta Lurzain?
Lurzain web-aplikazio bat da, zientzia partizipatiboa baliatzen duena lurzoruaren osasuna ebaluatzeko. Lurzainen helburua da interesdun orori tresna bat ematea bere lurzoruaren osasun-egoera erraz ebaluatu ahal izateko, dela nekazari profesional bat, dela baratze bat duen jubilatu bat, dela bere eskolako patioko lurra nola dagoen jakin nahi duen ikasle-talde bat.
Lan hori lurzoruetako osasun-txarteletan oinarritzen da, NEIKER Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak hamarkada bat baino gehiago baitarama txartel horiekin lanean. Urte hauetan lortutako esperientziak balio izan du Lurzainen egiten den 12 neurketen proposamena hobetzeko. Neurketen artean proposatzen da, adibidez, lur-bloke bat ateratzea eta zizare-kopurua zenbatzea, edo neurtzea lurrak zenbat denbora behar duen ur-kantitate zehatz bat xurgatzeko. Gainera, Eskoziako James Hutton Institute erakundearekin lankidetzan, neurketa berritzaile bat gehitu ahal izan da, telefono mugikor bat erabiltzen duena, argazki bat ateratzeko, eta sare neuronalen modelo bat, lurzoruaren zenbait propietate (materia organikoa, ehundura, pH-a...) estimatzeko. Neurketa horiek guztiak laborategi espezializatuen beharrik gabe egin daitezke, jarraibide erraz batzuekin.
2024ra arte egindako ebaluazioen kokapena LURZAINen. ARG.: LURZAIN
Web-aplikazioak erraztu egiten du neurketen balioak sartzea, baita lortutako emaitzak datu-base batean dauden gainerako balioekin alderatuko dituen diagnostiko bat lortzea ere. Gaur egungo egoera ezagutzeaz gain, baloratu ahal izango da, urtez urte neurketak errepikatzen badira, zer-nolako eragina izan dezakeen lurzoru horietan egiten den edozein aldaketak (adibidez, nekazaritza-praktika bat) haren osasunean. Azkenik, diagnostiko txarrak izanez gero, Lurzainek oso modu orokorrean adierazten ditu balizko zergatiak eta konponbideak.
Gasteizko Lurzoruen Kontserbazio Programa
Gasteizko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak 2018an jarri zuen martxan Lurzoruen Kontserbazio Programako herritarren zientziako taldea. Ordutik, hainbat parte-hartzaile pasa dira taldetik, ehundaka neurketa egin dituzte eta ezinbesteko laguntza eskeini dute Lurzainen eraikuntzan.
Egindako neurketa bakoitza web-aplikazioaren mapan islatzen da, eta asmoa da pixkanaka mapa guztia neurketa-puntuz betetzen joatea. Horrela, aplikazioa gero eta indartsuagoa izango da. Alde batetik, banakako erabiltzaileek diagnostiko zehatzagoa jasoko dute. Bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko lurzoruei buruzko datu gehiago izango ditugu eta ezagutza handiagoa lortuko dugu datu horietatik. Are gehiago, datu horiek Europa mailako antzeko ekimenekin partekatu ahal izango dira, hala nola Europako Lurzoruaren Behatokiarekin.
Lurzain bezalako ekimenen azken helburua da, halaber, gizartea lurzoruen garrantziaz jabetzea. Beraz, badakizu, zuk ere zikindu eskuak lurrarekin, neurtu zure lurzoruaren osasuna eta lagundu gure baliabiderik baliotsuenetako bati buruz daukagun ezagutza handitzen: lurzorua.
Bibliografia
[1] Europako Lurzoruaren Behatokia: https://esdac.jrc.ec.europa.eu/esdacviewer/euso-dashboard/
[2] European Commission, Joint Research Centre, Peiro, A., Mimmo, T., Sanz, F., Panagos, P., Jones, A. and Breure, T. 2024. “A review of existing tools for citizen science research on soil health”, Publications Office of the European Union, Luxembourg, 2024, https://data.europa.eu/doi/10.2760/170858, JRC136889.
Eskerrak
Neikerreko lurzoruetako mikrobio-ekologia arloko taldeari (www.soilmicrobialecology.com). Lurzainek LIFE Urban Klima 2050 proiektuaren finantziazioa jaso du.
Epelde Sierra, Lur
NEIKER-Tecnaliako ikertzailea







