Lurrikarak iragartzen
1999/08/15 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia
Edinburgoko Unibertsitateko ordezkari-talde batek eman zion berria Islandiako agintariei, denbora gutxira tamaina handiko lurrikara gertatuko zela. Handik bi astera berriro errepikatu zieten abisua eta datuak gehitu gainera: lurrikara berehala gertatzen bazen Ritcher eskalan 5eko magnitudea izatera iritsiko zela, pare bat hilabete atzeratzen bazen 6ra ere irits zitekeela. Bigarren abisutik 3 egunetara, Islandian 5 magnitudeko lurrikara gertatu zen, neurketak egin zituen estazio sismikotik 2 kilometrora. Gertaera ikusgarri hori Europako Batasunak finantzatzen duen PRENLAB izeneko proiektuan egin diren ikerketen emaitza izan da.
Urratsak garrantzia handia du. Izan ere, Islandia laborategi natural modura erabili duen PRENLAB proiektuan erabili den sistema zientzia-tekniketan oinarritzen da, eta ez orain arte erabili den sintomatologian. Teknika uhin sismikoen atzerapen erlatiboaren neurketan oinarritzen da, lurrikara gertatu baino lehen aldatu egiten baita. Neurketak behar bezala egin ahal izateko behar-beharrezkoa da sismometro-sare erraldoia osatzea. Proiektuan parte hartzen ari diren adituen arabera, sismometro-sarea munduan zabalduko balitz gertatzen diren lurrikara asko aurrez iragarri ahal izango lirateke, sistemak eraginkorra dela frogatu baitu.
1975. urtetik hona lurrikarek 340.000 pertsonatik gora hil dituzte, eta mende-hasieratik batez beste urtero 20.000 pertsona hil dira lurrikaren eraginez. Kopuru horiek ikusita argi dago teknika berriaren arrakasta onuragarria izan daitekeela gizateriarentzat. Hori dela eta, Japonia bezalako herrialdeek —gune sismiko arriskutsuetan daudenek— PRENLAB proiektuarekiko interes handia adierazi dute. Izan ere, uste da lurrikarak denboraz iragartzerik balego bizitza asko salbatu ahal izango liratekeela.
Tajikistanen lurrikararen ikaran
Tajikistango biztanleek beharbada ez dute PRENLAB proiektuaren berririk izango; eta balute ere, ez pentsa asko poztuko liratekeenik, ez baitute lurrikaren aurrean neurriak hartzeko behar beste baliabiderik.
Tajikistan Erdialdeko Asian dago, Pamir mendien magalean. 1991. urtean gertatutako lurrikara bortitzak Murgab ibaira arroka eta lur ugari bota zituen; ondorioz, Murgab ibaia desagertu eta Sarezckoe lakua sortu zen. Denborak aurrera egin ahala, lakua handitu egin da, eta gaur egun 60 kilometroko luzera du eta gehienez 500 metroko sakonera. Duela gutxi, nazioarteko geologo- eta aditu-talde bat bertan izan da eta alarma piztu du. Euren arabera, mende-hasierako lurrikararen bezalakoren bat sortuko balitz, berez sortutako presa apurtu eta lakua minutu gutxitan hustu eginko litzateke. Beherago dauden herriak urpean geratuko lirateke, 100 metroko altuerako olatu erraldoiak aurretik eramango bailituzke. Adituen kalkuluen arabera, sortzean olatuak 170 metroko altuera izango luke, eta 1.000 kilometro beherago, oraindik bi solairuko etxebizitza baten parekoa izango litzateke.
Datu gehiago ere eman ditu egun hauetan Tajikistanen izan den aditu--taldeak. Esate baterako, inguruko jendea aurrez ateratzerik ez balego, milaka pertsona hilko lirateke. Kalteak ez lirateke Tajikistanera mugatuko, gaur egun lakuan biltzen den 17 kilometro kubiko urak 50.000 kilometro karratu estali eta Afganistan, Uzbekistan eta Turkmenistango lurretan barreiatuko lirateke eta. Aral itsasora ere iritsiko omen litzateke ura, azken 30 urteotan erdira jaitsi den itsasora alegia.
Orain arte esandakoak sarraskiaren iragarpen sentsazionalista dirudi; eta beharbada izan daiteke, baina 1911 urteko lurrikaraz gain, bada kezka areagotzen duen beste daturik. Izan ere, duela 5 urte Sarezckoe lakuko presaren zati bat berez erori zen, eta gainera urtetik urtera ura galtzen ari da. Lurrikara txikiren baten eraginez —azken hamarkada honetan 7 magnitudekoak ere izan dira inguru hartan— presako urari ihesbidea irekiko liokeen pitzadura sor daiteke.
Balizko presaren haustura, dena den, ez da arrisku bakarra. Lakuaren gainean bada harkaitz handi bat, jausi ez jausi dagoena. Adituek diotenez, lurrikaren eraginez uretara jausiko balitz, harkaitzak 1-2 kilometro kubikoko olatua eragingo luke, presari gaina hartuko lioke eta ibaiaren ubidera joango litzateke. Beraz, kalteak eragingo lituzke.
Baikortasun pittintxo bat ere izan dezakete Tajikistaneko biztanleek, adituen arabera arazoak badu eta irtenbidea. Inguruko mendietan zuloak egin eta hodieria jartzea gomendatzen dute adituek, ura inguruko bailaretara poliki-poliki eraman ahal izateko. Presaren egitura baliabide artifizialez indartzeari ez diote bidegarritasunik iragarri, 4 kilometroko luzera eta 500 metroko altuera izanik, mugitzen hasiaz gero ondorio okerragoak izan daitezkeelako.
Arazoa Tajikistango biztanleena bada ere, konponbidean nazioarteak hartu beharko du parte. Tajikistan ez da, bere baliabideekin, arazoari aurre egiteko gai. Bada ez bada ere, PRENLAB proiektuaren laguntza ere ez litzaieke gaizki etorriko.
7kn argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia