Lurraren nukleoa azkarrago doa
1997/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gure planetak duen nukleoak, dirudienez, gaineko mantuak baino azkarrago bira egiten du. New Yorkeko Columbia Unibertsitateko sismologoek plazaratu dute ideia hori lurrikara denean Lurra zeharkatzen duten uhin sismikoak aztertuta. Duela gutxi Sandwich irletan izandako lurrikaren azterketa amaitu dute. 1967. urteaz gero 38 lurrikara izan dira eta horietan sortutako uhin sismikoak Alaskan jaso dituzte.
Lurraren nukleoak bi zati desberdin ditu. Barne-barnea burdina astunekoa da eta inguruan metal urtua du. Baina gaur egun uhin sismikoek nukleo solidoa 1967. urtean baino azkarrago zeharkatzen dute; gutxi gora-behera 0,3 segundo lehenago. Zientzilarien ustetan Sandwich-Alaska ardatzak uhinak hedatzeko nukleoko “bide lasterra” deitutakoarekin bat egin duelako gertatu da hori. Bide hori lerrokatutako burdin kristalez osatuta egongo litzateke eta uhinak hortik errazago hedatuko lirateke.
Orain dela hogeita hamar urte “bide lasterra” Zeelanda Berria-Norvegia ardatzaren inguruan egongo zen, baina gaur egun ibilbide horretan uhinen hedapen-abiadura dezentez txikiagoa da. Hogeita hamar urtean nukleo solidoak 33¾ egingo zituen ekialdera, hau da, urteko 1,1¾ batezbeste.
Nukleoaren biraketa-abiadura kalkulatuta oso informazio baliotsuak izango lirateke Lurraren eremu magnetikoaz; eremu hori planetaren nukleoan sortzen baita.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia