}

Lurraren Eguna 2002: ama Lurra zaintzeko deia

2002/04/21 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Gizakiak berezkoa du kontraesana, eta munduan gehien poluitzen duen herrialdeetako batean jaio zen Lurraren Eguna, ingurumenaren aldeko mugimendu indartsua.

1970eko apirilaren 22an, AEBetako 20 milioi biztanlek kaleak, parkeak eta aretoak hartu zituzten asmo bakarrarekin: ingurumenaren alde azaldu eta natura babesteko ekintzak bultzatu. Geroztik, indar gehiago edo gutxixeagorekin, urtero-urtero egun horretan ospatzen da Lurraren Eguna mundu osoan.

Lurraren Egunaren hastapenak

Lurraren Eguneko ekintzen bidez, hau zaindu beharra dagoela azaldu eta jendearen arreta lortu nahi da.

Mugimendua ez zen hola-hala hasi. Gaur egun ingurumena zaintzearen aldekoa izatea ‘politikoki zuzena’ da; are gehiago, ‘berdea’ izatea ondo ikusia dagoenez, enpresa batzuek kolore horretaz janzten dute beren burua merkatuan onartuak izateko eta gehiago saltzeko. Baina duela 30-40 urte, AEBetako, eta, oro har, herrialde garatuetako gizartea oso bestelakoa zen.

Sasoi hartan industria hazten ari zen, eta jendeak onartu egin zuen bizitza errazten zioten aldaketekin bat zetorren poluzioa. Ez zen poluzioaren aurkako neurririk hartzen, eta gero eta industria gehiago zeudenez, izugarri areagotu zen. Gauzak horrela, 30. hamarkadan, baita 50.ean ere, AEBetako industriagune handienean jaiotzen zen Ohioko Cuyohoga ibaiak su hartu zuen, bi aldeetan zituen lantegiek isuritako hondakinen ondorioz. Hala ere, ez zen gaitzespenik izan eta inguruko biztanleek erraz ahaztu zuten.

60. hamarkadan, ordea, jendearen jarrera aldatzen hasi zen. Industrietan eta etxeetan erabilitako gai kimikoek eragiten zuten kaltea begi-bistakoa zen, eta 1969an isuri industrialek Cuyohoga ibaian beste sute bat eragin zutenean, jendeak berehala erantzun zuen. Esaterako, ‘Burn on, Big River, Burn on’ (Erre zaitez, ibai handia, erre zaitez) abestia herrialde osoko irratietan entzun zen.

Garai berean, gero eta nabarmenagoa zen Vietnamgo gerraren aurkako jarrera. Gerraren aurkako manifestazioek argi utzi zuten banakakoen ekintzek bazutela politika eta jokabide publikoa aldatzeko gaitasuna.

Beste ekintza batzuen artean, talde bakezaleek gerraren aurkako eskolak ematen zituzten hezkuntza-zentroetan. Metodo horren baliagarritasuna aintzat hartuta, Gaylord Nelson Wisconsin-go senatariari bururatu zitzaion antzeko metodoak ingurumenaren alde ere erabil zitzaketela. Ideia hori izan zen Lurraren Egunaren hazia. 1970eko apirilaren 22an ospatu zen lehen Lurraren Eguna, eta sekulako erantzuna izan zuen.

Egun baten eragina

Helburua jendeak naturarekiko zenbaterainoko kezka zuen agertzea zen, hartara, politikoak neurriak hartzera behartzeko. Alderdi horretatik, Lurraren Egunak senatariaren aurreikuspenak gainditu zituen: hezkuntza-zentroetan emandako eskolez gain, milaka eta milaka pertsonak hartu zuten parte beren herri edo elkarteetan antolatutako ekintzetan. Aipatzekoa da agerraldi eta ekintza gehienak tokian tokiko herri-ekimenak bultzatuta egin zirela.

Lehen Lurraren Egunaren arrakasta ez da egun horretara mugatzen, orduan hasitako mugimendua legeak aldarazteko gai izan baitzen. Hurrengo hiru urteetan, Ingurumena Babesteko Agentzia sortu zen, eta aire eta ur garbien legeak, eta desagertzeko arriskuan dauden espezieen legeak ezarri ziren.

Alabaina, Lurraren Egunak indarra galdu zuen eta, urtero ospatzen bazen ere, ez zuen lehenengoaren oihartzuna lortu. Hori bai, mugimendu ekologista martxan zen eta ingurumena babesteko hamaika taldek egiten dute lan munduko bazter guztietan.

1990ean, Nazioarteko Lurraren Eguna bultzatu zuen Denis Hayes-ek, lehenengo Lurraren Egunaren antolatzaileetako bat. Emaitza: 200 milioi pertsonak hartu zuten parte mundu osoan, hau da, 1970ean baino hamar aldiz gehiagok. Beste behin, ingurumena babesteko beharra agerian gelditu zen, eta, giro horretan, Rio de Janeiroko gailurra etorri zen 1992an. 2000. urteko Lurraren Egunak ere indar berezia izan zuen, eta aurtengoa ere garrantzitsua izango da, besteak beste, Nazio Batuek deituta egingo den Lurraren Gailurrari begira egingo delako.

Lurraren Eguna 2002, hemen

2002ko Lurraren Gailurra abuztuaren 26tik irailaren 4ra egingo da Johannesburg-en. Lurraren Eguna koordinatzen duen Earth Day Network taldearen asmoa gailur horretara tokian tokiko diagnosiak eta proposamenak eramatea da. Kontuan hartu behar da kontinente guztietako ehunka talde biltzen dituela deialdiak.

Adibidez, Hego Euskal Herrian Lurra talde ekologistak Earth Day Network-en deiarekin bat egin du, eta Lurraren Egunaren inguruan bi egitasmo aurkeztu ditu: batetik, gaur bertan, Barakaldoko txoko bat hartu eta nekazari girokoa bihurtuko dute. Horrekin, jendearen arreta piztu nahi dute, Euskal Herria metropoli izugarria bihurtzeko arriskua dagoela kontura daitezen.

Beste egitasmoa sakonagoa da: ingurumenaren osasunaren azterketa egiteko eta neurriak proposatzeko lan-tresna bat prestatu eta talde eta banakoen eskura jarri dute. Hortik ateratako txostena Earth Day Network erakundera bideratuko da, eta haiek eramango dute Johannesburgeko Lurraren Gailurrera. Beraz, Lurraren alde zerbait egin nahi izanez gero, hor dago aukera.

Gara-ko Geltokia gehigarrian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia