Lurraren berotzeak antzinako euri-oihan tropikaletako dibertsitatea handitu zuen
2011/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zientzialari gehienek aurreikusi dute karbono dioxidoaren mailak gora egin eta Lurra berotzen doan neurrian oihan tropikaletako landareen dibertsitatea murriztuz joango dela. Baina Panamako Smithsonian Tropical Research Institute-ko ikertzaileen arabera, iraganean, klima oso azkar berotu zen garai jakin batean, gehiago izan ziren oihanean sortutako landare-espezie berriak galbidean jarri zirenak baino.
Duela 56,3 milioi urte, Paleozeno/Eozenoko Gailur Termikoa deritzonean, Lurra 3 eta 5 gradu artean berotu zen, eta, 10.000 urteko denbora-tartean, dioxido karbonoaren kantitatea bikoiztera ere iritsi zen. Ezohiko baldintza haiek 200.000 urtez iraun zuten. Kolonbiako eta Venezuelako oihanetako polen-ale fosilduak aztertuta, ikusi dute garai hartan zenbait landare-espezie desagertu baziren ere askoz ere espezie berri gehiago sortu zirela.
Bestalde, ikerketaren ondorioak zuhurtziaz hartu behar direla diote zientzialariek. Norbaitek ondoriozta lezake egungo klima-aldaketak ere onurak ekar litzakeela euri-oihanentzat. Baina ustezko efektu positiboak ezerezean gera litezke, adibidez, tenperaturak azkarregi igoko balira, landareek ez bailukete aukerarik izango egoera berrira egokitzeko. Gainera, ur-eskasia ere kritikoa izan liteke; Gailur Termikoan ez zen ur faltarik izan, baina, egungo aurreikuspenen arabera, litekeena da etorkizunean horrela ez izatea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia