}

Lurraren berotasuna, energia bihurtuta

2000/11/12 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Energia geotermikoa "lurraren barneko beroaz baliatuta lortzen den energia" da. Lurpeko tenperatura baxu edota ertaina (20ºCtik 150ºCra bitartekoa) zuzenean eraikinak berotzeko erabil daiteke; tenperatura altua (150ºCtik gorakoa), berriz, energia elektrikoa eskuratzeko erabiltzen da.

Lurrak bere barnean bero-erreserba ikaragarria du: lurrazalaren lehen 10 kilometrotan metatutako potentzial geotermikoa munduko ikatz-erreserbena baino 2.000 bider handiagoa da. Lurrazalean barrura egiten bada, tenperatura, batez beste, 25 ºC handitzen da kilometro bakoitzeko. Zonalde sismikoetan eta bolkanikoetan, azaletik gertu tenperatura handia egoten da, eta toki horietan energia geotermikoa erabiltzea oso erraza izaten da.

Besta hainbat energia-iturri bezala, energia geotermikoa ere aspaldidanik ustiatu izan da. Duela 3.500 urte etruskoek ur termalak erabiltzen zituzten azaleko gaixotasunei aurre egiteko, erlaxatzeko, eraikinak berotzeko, gai kimiko erabilgarriak eskuratzeko eta landareen hazkuntzarako. Erabilera termaletik gain, energia geotermikoa industrialki ere ustia daiteke. Horrelako lehen esperientzia mende honen hasierakoa da eta Italian izan zen, Lardarello hirian hain zuzen ere. Helburua elektrizitatea lortzea izanda, Lardarellon 1904. urtean zentral elektriko geotermikoa eraiki zuten. 1940ko hamarkadan 132MW-eko potentzia zuen. Bigarren Mundu Gerran zentrala erabat suntsitu zuten, baina gerra bukatu eta gero berriro eraiki zuten. Gaur egun 500.000 biztanletik gora hornitzeko adina energia ekoizten da Lardarelloko zentral geotermikoan, 400 MW-eko potentzia du-eta.

Nola ustiatzen da energia geotermikoa?

Energia termikoa iturri termalak ustiatuta erabil daiteke, bainuetxe eta abarren bidez; baina kasu horretan, ezin har daiteke energia alternatibo gisa. Horretarako elektrizitatea sortzeko edo berogailuetarako erabiliko den hartzen da kontuan.

Elektrizitatea sortzeko lurpean ur-lurruna edo ur beroa behar da. Lurpetik ateratzen dena ur-lurruna denean, lurrun hori zuzenean turbinetara bideratzen da elektrizitatea sortzeko. Metodorik sinpleena da, baina ez oso ugaria, horrelako iturburu gutxi baitago. Hodietan zehar ateratzen dena ur beroa denean, berriz, lehenengo ur likidoa eta ur lurruna bereizi egin behar dira eta, ondoren, ur-lurruna elektrizitatea sortzeko erabiltzen da. Dena den, uraren tenperatura desberdinen arabera turbinei eragingo dion lurruna zenbait eratara eskuratzen da Tenperatura altuko energia termikoa dagoen tokietan, hots, uraren tenperatura 150-200ºCtik gorakoa denetan, ura tanga edo deposituetara isurtzen da eta prozesu horretan sortutako lurruna erabiltzen da elektrizitatea sortuko duten turbinei eragiteko. Prozesuan sorten den ura berriz ere lurpera injektatzen da. Horrelako zentralak Italiako Lardarellon, Zeelanda Berrian, Japonian, Filipinetan, Estatu Batuetan eta Mexikon daude.

Uraren tenperatura 70 eta 150-200ºC bitartekoa denean, tenperatura ertaineko energia termikoa esaten zaio. Kasu horietan ur beroa, bero-trukagailu baten bidez hegazkorragoa den beste likido bat lurruntzeko erabiltzen da eta lurrun hori izango da turbinetara bideratutakoa. Kasu honetan ere, lurretik erauzitako ura berriz ere lurpera itzultzen da

Baina energia elektrikoa sortzeko erabiltzeaz gain, energia geotermikoak badu bestelako erabilerarik ere; zuzeneko erabilera esaten zaiona, hain zuzen ere. Tenperatura baxuko edo oso baxuko energia termikoa (20 eta 50-60ºC bitartekoa, eta 50-60 eta 70-80ºC bitartekoa hurrenez hurren) eta tenperatura ertaineko energia termikoa eraikinak, negutegiak, arrain-haztegiak, egurra lehortzeko instalazioak, eta abar berotzeko erabiltzen dira (bainu termaletako instalazioetan erabiltzeaz gain, noski). Energia geotermikoa zuzenean erabilita lortzen den bestelako erregaien aurrezpena uraren tenperaturaren, distantziaren eta instalazio-motaren araberakoa den arren, % 80rainokoa izan daiteke. Gainera, harrigarria badirudi ere, energia geotermikoa udan eraikinak girotzeko ere erabil daiteke. Izan ere, lurpeko tenperatura oso konstantea izaten da eta udan bero egiten duen tokietan lurpetik hodieria pasarazita zirkulatzen duen ura freskatu eta eraikina girotzeko erabiltzen da, batez ere Estatu Batuetan

Dena den, energia eskuratzeko sistema horiek badituzte hainbat muga eta oztopo: batetik, 3.000 m-ko sakoneraino baizik ez dago zulatzerik ustiategia ekonomikoki bideragarria izan dadin. Bestetik, elektrizitatea ekoizten duten instalazioek edo beroa zuzenean erabiltzen dutenek iturritik gertu egon beharra daukate, bidean beroa galdu egiten baita.

Gaur egun energia geotermikoa lortzea garestia da eta lurrazalaren egitura horretarako egokia den herrialdeetan, Islandian adibidez, ez da ustiatzen, baina teknikak aurreratu ahala energia-mota honek aukera gehiago eskaintzen ditu. Ingurugiroari dagokionez, energia-iturri honek ez du aparteko arazorik sortzen, eta hori oso kontuan hartu beharreko ezaugarria da; izan ere, etekina atera eta suntsipenik eragiten ez duen giza jarduera gehiegi ez dago.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia