Lurraren antzeko exoplaneta bat
2007/05/05 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Gliese 581 izarra nano gorri bat da.
(Argazkia: ESO)
Tartean-tartean azaltzen dira komunikabideetan bizia izateko aukera duten planetei buruzko albisteak, baina, froga sendorik izaten ez dutenez, berehala galtzen dute oihartzuna. Oraingoan desberdina da, ordea; batetik, detektatu duten astronomoak zuhurrak izan direlako hipotesiak plazaratzean, eta, bestetik, exoplaneta hau Lurraren antzekoagoa delako orain arte detektatu direnak baino.
Eguzkitik hurbil dagoen izar baten inguruan orbitatzen du exoplanetak. Gliese 581 izena du izar horrek, Gliese astronomoa Eguzkitik 81,5 argi-urte baino hurbilagoko izarren katalogoa egiten ari zela 581.a izan zelako zerrendan. Eguzki-sistematik 20,5 argi-urtera dago; hau da, argiaren abiaduran (300.000 metro segundoko) 20 urte eta erdi behar dira hara iristeko. Hurbileko beste izar gehienak bezala, nano gorri bat da, Eguzkiak baino hiru aldiz masa txikiagoa du, eta igortzen dituen beroa eta argia Eguzkiarenak baino 50 aldiz ahulagoak dira.
Izarrak indar handirik ez duen arren, igortzen duen beroa eta argia nahikoak dira planetan bizia sortzeko aukerak egon daitezen. Izan ere, planeta hori Lurra Eguzkitik baino 14 aldiz gertuago dago bere izarretik. Hala, planetaren azalean 0-40 ºC daudela kalkulatu dute astronomoek; horregatik, ura egotekotan, egoera likidoan egongo litzateke, eta, gainera, bizidunak egotea ere posible izango litzateke, behar adinako argia eta beroa baititu.
Oraindik datu gutxi
Nolanahi ere, ez dute inolako aztarnarik ura badagoela pentsatzeko, eta are gutxiago bizidunak egon daitezkeela imajinatzeko. Berez, oraindik datu gutxi dituzte planetari buruz. Badakite haren masa Lurrarenaren halako 5 dela; hortaz, orain arte detektatu duten exoplaneta txikiena da (orain arteko txikienaren masa 5,5 zen, baina bere izarretik oso urrun dago). Baina ez dakite, adibidez, zer neurri duen. Arrokatsua izango balitz, haren erradioa Lurrarena baino % 50 handiagoa izango litzateke, baina, hori jakiteko, astronomoek zorte apur bat izan behar dute.
Txileko La Silla behatokiko HARPS tresnaren bdiez hauteman dute.
(Argazkia: ESO)
Izan ere, izarrak eta planetak behatzeko erabiltzen den metodoaren arabera, era bateko edo besteko informazioa jasotzen dute. Normalean, exoplanetak ez dituzte zuzenean behatzen; horretarako txikiegiak dira, urrutiegi daude eta hurbil dituzten izarrek ezkutatu egiten dituzte. Hori dela eta, zeharkako bideak erabiltzen dituzte: behatutako izarretik jasotzen duten seinalean gertatzen diren aldaketen bidez jakiten dute astronomoek planeta bat duela inguruan, eta, neurri batean, baita planeta hori nolakoa den ere.
Esate baterako, Txileko La Silla behatokiko HARPS tresnaren bidez hauteman dute oraingo exoplaneta. Tresna horrek abiadura erradiala neurtzen du; hala, izarraren abiaduran detektatutako ‘dardarak’ eman zien planetaren berri. Jasotako datuekin, planetaren masa kalkulatu dute, baina hortik ezin dute haren konposizioa ondorioztatu. Horretarako, planetaren orbitari jarraitu behar diote, eta izarraren aurretik pasatzen ari dela behatu behar dute. Baina hori gertatzeko probabilitatea % 2 besterik ez da.
Dena dela, HARPS ikaragarri ona da exoplanetak aurkitzeko. Oso zehatza denez, masa txikia (gehienez Lurrarena baino hogei aldiz handiagokoa) duten planetak bilatzeko erabiltzen dute astronomoek, eta arrakasta handia izan dute: guztira 13 detektatu dituzte, eta horietatik 11 HARPS tresnari esker.
Beste gauza bat ere badakite planetari buruz: zenbat irauten duen urtebetek. 13 egun besterik ez! Gutxi da, bai behintzat eguzki-sistemako planetokin alderatuta; urterik laburrena Merkuriok du, noski, hura baitago Eguzkitik gertuen, eta 88 egun irauten du gutxi gorabehera. Hala ere, izar horrek berak badu beste planeta bat, orain hauteman dutena baino are gertuago eta are urte laburragokoa. Haren urteak 5,4 egun besterik ez du irauten.
Beste eguzki-sistema bat
Irudi artistikoan, Lurraren antzeko exoplaneta eta, atzean, Gliese 581 izarra.
(Argazkia: ESO)
Izarretik hurbil dagoen planeta horrez gain, beste bat ere badu Gliese 581ek. Biak duela pare bat urte detektatu zituzten, baina ez ziren hainbeste azaldu komunikabideetan, haietan ezinezkoa delako bizia egotea. Bat izarretik gertuegi dago, eta bestea urrunegi. Lehenengoa oso handia da, Lurrarena baino 15 aldiz handiagoko masa du, eta bestea ere Lurra baino handiagoa da, 8 aldiz handiagoa. Horrek 84 egun behar ditu orbita osatzeko izarraren inguruan.
Edonola ere, Gliese 581ek eta hiru planeta horiek eguzki-sistemaren antzeko bat osatzen dute; beste antzekotasun bat gehiago, beraz, Lurraren eta detektatu berri duten exoplanetaren artean. Exoplanetan bizia egoteko aukerak badaudela sinesten duten astronomoek ikerketan aurrera egin nahi dute. Haien esanean, exoplaneta hau aintzat hartu behar da bizia bilatzeko etorkizunean egingo diren misioetan.
Misio horietan, espazioan teleskopioak jartzeko asmoa dute, prozesu biologikoekin erlazionatzen diren zantzuak jasotzeko, hala nola metano-arrastoak exoplaneten atmosferan edo klorofila, Lurreko landareek fotosintesia egiteko erabiltzen duten pigmentua. Baina hori etorkizunean izango da.
Gara-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia