}

Lurraren anaia txikia

2002/10/22 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Kasualitatez izan bada ere, Kanadako astronomo-talde batek Lurraren anaia txikia aurkitu du, Lurraren orbita berean mugitzen den lehen asteroidea. Aurkitu berria 100 metro zabal da eta inoiz ez da Lurretik 5.7 milioi kilometrora baino gutxiagora hurbiltzen. 2002 AA 29 asteroideak —astronomiako ohiko izen itsusi horietako batekin bataiatu dute— Lurrarekin Eguzkiaren inguruan duen orbita partekatzen du, oso era bitxian bada ere.

Eguzkiaren orbitan Lurra baino abiada handiagoan mugitzen da, Lurretik iheska batzutan eta Lurrera gerturatzen beste batzuetan. Orbita horretan Lurrera hurbiltzen denean atzerantz egiten du; alegia, ferra-formako orbita osatzen du. Aldi berean, Lurraren orbitaren inguruan ere biraka ari da.

AA 29 asteroidea ortzia automatikoki behatzen duen proiektu batean lanean ari diren astronomoek urtarrilaren 9an aurkitu zuten, ferra-formaren orbita bukatzen ari zela. Beraz, Lurretik gertuen eta distiratsuen egoten den uneetako batean. Ordutik asteroide txikia gertutik zainduta egon da. "2002 AA 29 asteroidea 3753 Cruithne harkaitzaren sailkapen berean jarri behar dugu, baina garrantzitsuagoa da. 3753 Cruithnek ferra-formako orbita osatzen du Lurraren orbitatik gertu; 2002 AA 29, berriz, orbita berean mugitzen da. Horregatik Lurraren anaia txikitzat hartu dugu". Adierazpenak Martin Connors-enak dira, Kanadako Athabaseca unibertsitateko astronomoarenak.

2003ko urtarrilaren 3an 2002 AA 29 asteroidea Lurretik oso gertu egongo da, baina gero atzerantz mugitzen hasiko da, Lurra baino bizkorrago. Datu horiek urtarriletik hona egindako azterketen ondorioa dira. Eta ondorio bitxiagoak ere eman dituzte ezagutzera astronomoek. Adibidez, 550. urtean asteroidea Lurraren satelite natural bihurtu zen urte batzuez, eta gauza bera gertatuko da 2600 eta 3880 urteetan. Une horietan ere, dena den, teknikoki Eguzkiaren grabitazio-indarraren menpe egongo da.

Planeten inguruan edo planetekin biraka ari diren objektuak ez dira berriak, Jupiterreko troiarrak edo Marteren inguruan aurkitu direnak horren lekuko dira. Oraindik ez direnez behar bezala aztertu, ikertzaileak dagoeneko hasi dira 2002 AA 29 asteroidea ikertzeko planak egiten, tartean zundaren bat han jartzea edo eta astronauta-talderen bat bertara bidaltzea. Asmoak errealitate bihurtuko balira, Lurraren anaia txikia Ilargiaren ondotik gizakiak zapalduko lukeen espazioko bigarren objektua izango litzateke. Hala ere, usteak uste.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia