}

Lurrak espazioa mugitzen du

2004/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Erlatibitatearen Teoria Orokorrak ondorio harrigarriak dituen arren, oraindik ez dira denak frogatu. Horietako bat, ordea, bai: Lense-Thirring efektua. Horretarako, LAGEOS I eta LAGEOS II sateliteek Lurraren grabitazioa zehatz-mehatz neurtu dute.

Lense-Thirring efektuaren arabera, masa handi batek, bira egitean, inguruko espazioa deformatzen du, arrastaka eramango balu bezala. Baina efektu hori masak oso handiak direnean bakarrik nabarmentzen da, planeten edo izarren kasuetan, adibidez. Fisikariek Lurrean ere islatzen den jakin nahi izan dute, eta, horretarako, bi sateliteetatik grabitazioa neurtu dute azken urte hauetan.

Grabitatea zehaztasun handiz neurtuz gero, espazioaren deformazioaren arrastoren bat aurkitu behar zuten. Eta hala gertatu da, nahiz eta arrasto horiek ñimiñoak diren eta neurketaren errorea, berriz, oso handia.

Neurketa zaila izan da; izan ere, efektua txikia izateaz gain, Lurraren masa ez dago homogeneoki banatuta, eta, beraz, eragiten duen grabitatea ez da leku guztietan berdina. Nolanahi ere, fisikariek lortu dute jakitea Lurrak urtean bi metroko deformazioa eragiten duela inguruko espazioan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia