}

Lurra, tximinia eta balea

2001/03/11 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Lurrak hurbiletik begiratuz gero, sumendietan tximinia baten antza eta geyserretan bizkarreko zulotik ura botatzen duen balea baten itxura hartzen du. Benetan ikusgarriak diren erreakzioak dira biak, baina ez dituzte inondik inora eragile berak.

Sumendiak eta geyserrak naturak eskaintzen dituen bi ikuskizun paregabe dira. Biek presio eta tenperatura altuarekin eta tximiniaren antzeko zulo batetik botatzen dute lur barneko materia. Lehenek laba botatzen dute eta bigarrenek ura, baina jaurtitzen duten materiagatik ez ezik, beren jatorriagatik ere desberdintzen dira bi fenomenoak. Sumendiak lurraren barne-mugimenduen adierazleak dira -lurrikarak bezalaxe- eta geyserrak, berriz, uraren zikloko gertakizun bitxienetakoak baizik ez dira.

Leherketa baten itxura

Lurrak mugimenduan dagoela gogorarazi nahi izaten duela dirudi batzuetan; urte hasiera honetako India eta El Salvadorko lurrikarak gogoratu besterik ez dago. Lurrak lurrikarak bezala su-mendiak ere erabiltzen ditu bere mugimenduen berri emateko. Izan ere, su-mendiak ez dira edozein lekutan sortzen, litosferako bi plaka elkartzen diren lekuetan baizik, eta mugimendu horiek dira, hain zuzen ere, magmaren igoeraren erantzule. Kokapen zehatza zein den jakiteari esker, azken hamar urte hauetan ez da sumendien eraginez biktimarik gertatu eta, ziur aski, horregatik, iritsi da gizakia leherketa horien edertasuna estimatzera. Erupzio-denbora asko aldatzen da su-mendi batetik bestera. Minutu batzuetako erupziotik ordu batzuetako erupzioa izatera pasa daiteke, baita aste bete eta urteetako jarduera jarraikia izatera ere. Harrigarria bada ere, Islandiako Laki sumendiak aste batzuetako erupzioa izan zuen eta Sizialiko Etna su-mendiak, berriz, urteetako erupzioa du.

Estatu Batuetako Yellowstoneko parke nazionalean dago geyser gehien.

Geyserren kasuan, berriz, ur beroa jaurtitzearen eragileak oso bestelakoak dira. Geyserrek ez dute zerikusirik lurraren mugimenduekin, uraren zikloko gertakizun bitxi eta ikusgarriak besterik ez dira. Kanporatzen duten ura, lur barnean poliki-poliki apurtuneetan eta harri porotsuetan barna sartu den prezipitazioa da. Erupzioa gertatzeko, airearekin kontaktuan dagoen zutabeak urez beteta egon behar du.

Leku zehatz batzuetan, ura harri beroak ukituz irakiten hasten denean, ura likido-egoeratik lurrun egoerara pasatzen da eta ur-burbuilak zutabean gora igotzen hasten dira. Barne presioak eta ur-burbuilek ur likidoa igoarazten dute eta zutabearen behe-parteko presioa astiro jaisten da. Ondorioz, erdi hustua dagoen zutabean ura orekatu egiten da eta erupzioa gelditu egiten da. Berriz ere ura jaurtitzeko zutabea bete eta ura berotu arte itxaron behar da. Geyser batzuk 10-15 minutu nahikoa dute zutabea urez bete eta presio eta tenperatura egokiak berriro izateko. Beste batzuetan, berriz, erupzio-zikloa ordubete ingurukoa izaten da.

Uraren zikloko bitxikeria ikusgarriak dira geyserrak.

Hala ere, sumendiek, lurrikarek eta geyserrek badute lotura. Izan ere, geyserrak sortzeko, ezinbestekoa da urak sartzeko bidea izatea eta irakite-puntura arte berotuko duten harri beroekin kontaktuan egotea. Argi dago, beraz, geyserrak lurraren azalaren aldaketek baldintzatzen dituztela. Lurrikara gertatzean, lur azpiaren egitura aldatzen da eta, ondorioz, prezipitazio-ura sartzeko guneak eta geyserraren zutabeak aldatzen joaten dira. Era berean, geyserrak hein batean bederen, su-mendien jarduerak mugatzen ditu. Izan ere, ura berotzeko, normalean, geyserraren inguruan, sumendiren bat egoten da.

Arriskutsuak batzuk eta energia-iturri besteak

Lurrean jarduera jarraikia duten hamar bat su-mendi besterik ez daude. Batzuk urteetan edo mendeetan lo egon ondoren, ustekabean esnatzen dira eta horiek izaten dira, hain justu ere, arriskutsuenak. Hala ere, bolkanologoen zaintzari esker, Filipinetako Pinatubo sumendiak 700 pertsona hil zituenetik, 1991tik, ez da hondamendirik gertatu. Zainketa horretan sumendiaren mugimendu oro eta lurraren deformazioak neurtu egiten dira eta tenperatura, eremu elektrikoaren eta- magnetikoaren aldaketak ere aintzat hartzen dira.

Sumendiak eta geyserrak, ikuskizun antzekoak baina jatorri arras ezberdinetakoak.

Geyserrak, berriz, ez dute batere arriskurik sortzen eta azken urteetako ikerketei esker, energia-iturri gisa erabiltzen dira, batez ere,

Estatu Batuetan, Filipinetan, Hego Amerikan, Zeelanda Berrian eta Islandian. Zentral geotermikoek edo zuzenean enpresa batzuek edo etxebizitzek berotzeko erabiltzen dute harriekin kontaktuan berotutako ura. Bestalde, ur beroko iturriak, mineraletan oso aberatsak, osasunerako onuragarriak direla ere esaten da. Maiz, ur hori etengabeko ura jaurtitzen duten geyser txikietatik hartzen da.

Lurraren mugimenduen ondorio izan zein uraren zikloaren bitxikeria izan, sumendiek eta geyserrek ikuskizun paregabeak eskaintzen dituzte. Are gehiago sumendien arriskua neurtzen ikasi denetik eta geyserrei, berriz, etekina ateratzen zaienetik.

7K-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia