Lurra gazia dagoela? Niri, bost!
2003/05/16 Elhuyar Zientzia
Landare batzuek lur oso gazitan bizitzeko gaitasuna dute. Landare horiei gatzarekiko tolerantzia ematen dieten bi mekanismo ezagutzen zituzten zientzialariek, eta orain beste bide bat ere badutela ikusi dute Frantziako, Britainia Handiko eta Japoniako ikertzaile batzuek.
Gatzarekiko tolerantzia duten landare batzuk sustraietara sartzen den gatz-kantitatea mugatzeko gai dira. Beste batzuek, berriz, gatza xurgatu eta berehala bakuoloetan sartzen dute; hartara, gatzak ez ditu landarearen ehunak kaltetzen. Orain, Arabidopsis thaliana landarea aztertuta, beste mekanismo batetaz ere baliatzen direla konturatu dira: landareak gatza xurgatu bai, baina gero lurrera itzultzen du, beheranzko izerdiaren bidez. Gainera, mekanismo horrekin lotutako geneak identifikatu dituzte.
Ikertzaileen esanean, lur gazitan hasteko gai diren barietate berriak lortzen lagunduko diete ikerketa horren emaitzek. Hain zuzen ere, nekazaritzarako lursail asko galtzen ari dira gatz-kantitate handiegia dutelako. Arazo hori bereziki larria da euri gutxi egiten duen eta soroak ureztatzeko ohitura dagoen lurraldeetan, adibidez, Espainian.
Argazkian, Arabidopsis thalianaren estigmaren edo organo emearen goialdea ikusten da. Argazkilaria: Jürgen Berge.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia