Lurra eta Ilargia Martetik
2003/05/27 Elhuyar Zientzia
Ezkerreko argazkian ikusten diren bi bolatxoak Lurra eta Ilargia dira, 139 milioi kilometrotik. Beste planeta batetik hartu den Lurraren lehen argazkia da goikoa.
Marteren inguruan biraka dabilen Mars Global Surveyor
espazio-ontziaren MOC kamerak hartu zuen joan den maiatzaren 8an. Argazki honetan Lurra eta Ilargia bakarrik ikusten dira, zati bat handitu dugulako, baina argazki osoan Jupiter eta bere lau satelite ere ikusten dira. Lurra eta Jupiter lerrokatuak zeudela baliatu du NASAk argazki berezi hau lortu ahal izateko.
Baina, nola egin dute argazkia? Hasteko, argazkia ez da bakarra, bi argazkiz osatutako mosaikoa baizik. Izan ere, Jupiter Lurra baino bost bider urrunago dago eta esposizio bakar batean ezin ziren biak harrapatu. Ondoren, planetak eta sateliteak bereizi ahal izateko, mosaikoa izugarri kontrastatu eta koloreztatu dute. Bereizmen handiko MOC kamerak zuri-beltzeko argazkiak soilik egiten ditu eta, koloreak aukeratzeko, Mariner 10 eta Cassini ontziek egindako argazkietan oinarritu dira NASAko adituak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia